Araneko kiroldegiko igerilekua
Bermeoko Araneko kiroldegia zarratuta egon zen irailaren 1etik 17ra. Tarte hori, baina, hainbat lan egiteko aprobetxatu dutela jakinarazi dute Kirol Patronatutik, eta horiek egiteko kiroldegia itxita egotea «ezinbestekoa» dela aipatu dute.
Besteak beste, legionelaren aurkako tratamendua egin dutela azaldu dute, ur beroaren eta hotzaren zirkuitutetan. DDD tratamendua ere egin dute, «intsektuen, arratoien eta mikrobioen aurkakoa». Bestalde, igerilekuak hustu, zirkuitu guztiak garbitu eta egoera kaskarrean zeuden baldosak aldatu dituzte.
LED motatako argia ere jarri dute; 260 tutu ordezkatu dituzte, 36 watteko tutu fluoreszenteak 18 wattekoengatik aldatu dituzte. Makineri mekanikoa erabilita, berriz, kiroldegiaren garbiketa orokorra eta sakona egin dute, bai eta teilatu azpiko egituraren garbiketa egin ere.
Horrez gain, konponketa txikiak egin dituzte igerilekuan, biltegian, makina gelan eta aldageletan.
Fitness gimnasioan, bestalde, renting bidez esleitutako 53 makina cardiobaskular jarri dituzte, egon direnak kenduta. Margotze lanak ere egin dituzte gune horretan, eta muskulazio guneko zorua babestu egin dute. Gainera, internet eta argindarraren konexio berriak jarri dituzte.