Kontuleko tailerreko iazko taldeetako bat
Beste urte batez, Bermeoko udal liburutegiak Kontuleku tailerra abiatuko du. Tailer horren helburua, haurren artean literaturarekiko zaletasuna piztea da, eta 3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena da.
Kontuleku tailerraren bitartez, liburuekiko maitasuna sustatzeaz gain, ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker, umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotu gura dituzte.
Bederatzi saioko ekimena izango dela zehaztu dute udal liburutegiko arduradunek. Hain zuzen ere, eguenetan batuko dira, eta urriaren 22an hasi eta abenduaren 17ra arte luzatuko da tailerra.
Jakinarazi dutenez, bi taldetan banatuko dituzte umeak; alde batetik, 3 eta urteko umeen taldea egongo da, eta horiek 17:00etatik 18:00etara batuko dira. Beste alde batetik, 5 eta 6 urtekoen taldea 18:00etatik 19:00etara batuko da. Taldeak, gainera, mugatuak direla azaldu dute, hau da, bakoitzean bederatzi umek parte hartu ahalko dute guraso bategaz.
Udal liburutegiko arduradunek azaldu legez, «gurasoek bere seme-alabekin bizipenak elkarbanatzeko baliabideak aurkituko dituzte espazio horretan: soinu jolasen, jolas lirikoen edota antzerkien bitartez, beste teknika batzuen artean». Hala, diotenez, horien bitartez, afektibitatea, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak landuko dituzte, besteak beste.
Egun bakoitzean jarduera eta gai desberdinak jorratuko dituztela adierazi dute. Era berean, parte hartzen duten gurasoei, bibliografia eta etxean lantzeko jarraibideak emango dizkiete hala gura izanez gero.
Ekimen horretan parte hartu gura dutenek Bermeoko liburutegian eman beharko dute izena eta doakoa da.