Eako Urtubiagako burdinola.
Aurten burdinari edota burdingintzari loturiko kultura-ondarea izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondarearen Europako jardunaldien ildo nagusia. Horren inguruan, 200 ekitalditik gora egingo dituzte Bizkaiko 64 udalerritan. Horien artean daude, Busturialdeko zazpi udalerri.
Zapatuan, Arratzuko kultur etxean elkartuko dira, 10:00etan. Handik, Arrolako Oppidumeko interpretazio zentrora eta Arrolako arkeologi aztarnategira joango dira. Juan Jose Cepedak gidatuko du bi ordu eta erdi inguruko bisitaldia. Halaber, urriaren 24ean ere bisita bera egiteko aukera egongo da.
Bisita gidatun izena emateko eta haren inguruko informazio gehiago jasotzeko telefono zenbaki hauetara deitu daiteke: 944 651 657 eta 944 651 660. Halaber, helbide honetara idatzita ere apuntatu daiteke:
santimamine@bizkaia.net. Leku kopurua mugatuta dago, beraz, interesa dutenek lehenbailehen eman beharko dute izena. Antolatzaileek, bisitara euritako jantziak eta mendiko oinetakoak eramatea gomendatu dute.
Bestalde, Bermeon
Burdina eta Arrantza: Historia, eskulangintza eta diseinua izenburupean bisitaldi gidatua egingo dute, zapatuan. Horrekin batera, kontserba produktuen dastaketa egingo dute bisitaldiaren amaieran.
Aita Guria baleontzian elkartu, eta hura bisitatuko dute lehenengo, eta bertan, burdinak arrantza tresna tradizionalen ekoizpenean izan zuen zeregina aztertuko dute. Gero, Arrantzaleen museoan, arrain kontserben historian sakonduko dute. Zapatuan eta urriaren 10ean euskaraz egingo dute bisitaldia, urriaren 17an eta 24ean, ostera, gaztelaniaz izango da.
Joateko asmoa dutenek Bermeoko Turismo bulegoan eman behar dute izena, 946 179 154 telefono zenbakira deituta, edo
turismoa@bermeo.org helbidera idatzita (leku kopuru mugatua).
Eskaintza zabala
Hurrengo asteburuetan ere bisita gidatuak eta hitzaldiak askotarikoak izango dira. Busturian, esaterako, Madariaga dorretxean (Euskadiko Biodibertsitate zentroa) elkartu, eta Alarbingo burdinolara joateko aukera egongo da. Halaber, bideo emanaldiagaz osaturiko hitzaldia ere antolatu dute. Mape ibaiaren ertzek burdinarekin loturiko historia bildu dute ikus-entzunezkoan. Eta Mape errekaren errotak eta burdinolak bisitatuko dituzte.
Bestalde, Ean, Urtubiagako burdinola bisita gidatua antolatu dute, eta Foruan, erromatarren garaiko herrixkara hurbilduko dira, Ana Martinez Salcedoren eskutik.
Hain zuzen ere, Martinezek
Merkataritza erromatarren garaian ekialdeko kantauri itxasoan: Urdaibai eskualdea eredu gisa izenburupean emango du hitzaldia Mundakan. Han, Urdaibain egindako erromatarren garaiari buruzko ikerketa arkeologikoaren emaitzak azalduko ditu.
Gernika-Lumon, berriz, Manu Izagirre arkeologoak 1998an itsasadarrean aurkituriko pezioen inguruan ariko da. Erdi Aroko itsasontzi mota horrek burdina garraiatzeko izan zuen garrantzia azalduko du. Izan ere, udalerri inguruan burdinarentzat hiru portu egon ziren.
JARDUNALDIEN EGUTEGIA:
- ARRATZU: Urriak 3 eta 24. 10:00etan, kultur etxean.
- BERMEO: Urriak 3 (16:00-18:30), urriak 10 (11:00-13:30), urriak 17 (16:00-18:30) eta 24 (11:00-13:30), Aita Guria baleontzian.
- BUSTURIA: Urriak 10, 24 eta 31. 10:00-13:00, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan.
- BUSTURIA: Urriak 16 (19:30), Altamira kultur etxean eta urriak 17 (11:30), San Kristobal baselizan.
- EA: Urriak 24. 10:30ean, Eako plazan.
- FORUA: Urriak 10 eta 31. 11:00etan, Foruko parrokian.
- GERNIKA-LUMO: Urriak 15. 19:00etan, Euskal Herria museoan.
- MUNDAKA: Urriak 10. 17:00etan, Juan Tribisarrospe kultur etxean.