Carrillo eta Ozaeta, lasterketako podiumean/ Haitz Biribil
Foruan jokatu zen domekan Campos Urdaibai Kopako azken proba, eta aurten Ruiz eta Carrillo igo dira podiumaren gorenera. Arrolapeko Aritz Martinek lortu du Campos Urdaibai Kopako bigarren postua. Hirugarren postua Bilboko Arkaitz Muñozerantzat izan da. Hala, Urdaibai Kopako denboraldiarekin amaitu dute lasterkariek. Nesken artean, Agurtzane Argiaro bermeotarrak eskuratu du Urdaibai Kopako bigarren postua, eta Arrolapeko Leire Monasteriok hirugarrena. Antolatzaileek barkamenak eskatu dituzte nesken kategorian Urdaibai Kopako podiuma osatzerakoan errakuntza bat izan zelako. Agurtzane Argiaro da aurten, Campos Urdaibai Kopako bigarren postua eskuratu duena, baina, errakuntza bat tarteko, Zenaide Albarezi eman zioten kopa. Ostean, gaizki ulertua argitu zuten, eta barkamena eskatu dituzte.
Campos Urdaibai Kopako azken proba ez ezik, Foruko lasterketa ere izan zen domekakoa. Lasterketako irabazlea Arrolape Mendi Klubeko Julen Ozaeta izan zen. 1.34.20ko denbora behar izan zuen Ozaetak helmugara heltzeko. Haren atzetik sartu ziren Arkaitz Muñoz (1.41.04) eta Jose Gabriel Ruiz (1.44.00). Emakumezkoen artean, Laura Veronica Carrillo izan zen azkarrena Foruko lasterketan. 1.56.33ko denbora egin zuen eta, sailkapen orokorrean 11. postua lortu zuen. Zenaide Albarez izan zen bigarrena helmugara heltzen (1.57.15) eta Leire Monasterio hirugarrena (2.09.13).
Foruko martxa
Mendi lasterketan 29 lagunek parte hartu zuten atzo, Foruan. Oinez, zein korrika, guztira 260 parte hartzaile izan zirela aipatu dute antolatzaileek. 21,6 kilometroko ibilbidea egin zuten parte hartzaileek. Eguna ondo joan zela aipatu dute, eta eguneko anekdota ere izan zutela; norbaitek ibilbidearen zati batean seinaleak aldatu izana, alegia. Hala ere, inor ez zen galdu.