Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) soziologo, idazle eta euskaltzaleak jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Epaimahaiak euskararen eta euskal kulturaren alde Torrealdaik egin duen lana goretsi du. Horien arabera, gizarteari egin dion ekarpena «erreferentea» eta «eredugarria» da.
Idazle foruarraren kultur ekoizpena goratu gura izan du epaimahaiak. Hala, bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu dute: «Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egin du Torrealdaik».
Jakinarazi dutenez, 2016. urteko lehenengo hiruhilekoan egingo dute saria emateko ekitaldia.