Argazkilaria: Gernika KESB
Mann Filter taldeari 78-72 irabazi zion herenegun arratsaldean, Malosten. Ondorioz, Gernika Bizkaia Emakumezkoen ligako sailkapenean laugarrena da. Conquero Huelva Wagen da liderra, Zamarat bigarrena, eta Gran Canaria taldea dago hirugarren, gernikarren aurretik.
Jendetza bildu zen zapatu arratsaldean Gernika Bizkaiak Emakumezkoen ligan hasi berri duen bigarren denboraldiko lehen norgehiagoka ikusteko gogoz.
Espero baino beranduago hasi zen lehia, ordu batzuk lehenago saskietako batean arazo bat sortu baitzen eta beste bi saski jarri behar izan baitzituzten.
Lehenengo saskiratzea etxekoena izan bazen eren, aurkariak berehala hartu zuen aurrea markagailuan. Esaterako, 4. minutuan 4-9 zeuden aurretik zaragozarrak. Baina, etxekoen erantzuna berehala heldu zen, eta besteak beste, Vaderwallek eta Popek hirukoetan asmatu zuten. 8 minutuan, 20-11 zihoazen, baina, aldea murriztu zuten, eta lehen ordu laurdena 20-17-ko emaitzagaz amaitu zen.
Bigarren laurdena estreinatzeko Izaskun Garciak beste hiruko bat sartu zuen. Vanderwallek eta Ewardsek beren jokoa egiten jarraitu zuten, eta Vegak ere besteak baino oharkabeago, baina, puntuak batzen jarraitu zuen. Bi taldeak pare-parean heldu ziren atsedenaldira: 34-33.
Atsedenalditik bueltan, emozioak jarraitu zuen bai kantxan eta baita ikusleen artean ere. Denboraldiko lehen partida zirraragarria izan zen, emozio handiko norgehiagoka. Talde bisitaria aurretik ipini zen hirugarren laurdena hasi ostean. Lau, bi edota zortzi puntuko aldea izatea ere lortu zuten, baina, etxekoak ez zeuden amore emateko prest, ezta ezer oparitzekotan ere.
Defentsan nahiz erasoan lan bikaina egin zuten etxeko jokalariek. Eta Maite Mugiraren hirukoagaz 49-48 aurretik ipini ziren gernikarrak.
Baina, partida berdindua izan zen, eta bien arteko aldea estua. Azken laurdenean lortutako 64-64 eta 70-70 berdinketak dira bi taldeen arteko parekotasunaren adierazgarri. Amaierara heltzeko 28 segundo falta zirela, Vegak sartu zuen hirukoak erabakita utzi zuen partida.