Zapatu arratsaldean, Gernika Rugby taldeak 19-17 irabazi zion Madrilgo (Espainia) Pozuelo taldeari.
Indartsu zelairatu ziren etxekoak, eta aurkariari presio eginez arrisku jokaldiak sortu zituzten hasieratik. Juan Pablo Pietrellik, aurkariaren zelai barruan jokatzean, arriskuan ipini zituen madrildarrak, etenik barik.
Horrela, Pozueloren defentsaren huts egite bat aprobetxatuta, Afteek estreinatu zuen markagailua, 7. minutuan. Gero, Sebastian Berterok 7-0 jarri zituen aurretik basurdeak.
Etxekoen entseguaren ostean, aurkariak presioa areagotu zuen. Baina, jokalari gernikarrak sendo eutsi zieten defentsan zein kontraerasoan. Kontraerasoko jokaldi bat ondo aprobetxatu zuen Berterok, eta etxeko taldea 10-0 ipini zuen aurretik. Jarraian, jokalari argentinarrak beste hiru puntu lortu zituen.
29. minutua beteta zela heldu zen madrildarren lehen entsegua. Adriwn Peresek lortu zuen hori, eta handik gutxira, Rafa de Santiagok talde bien arteko aldea murriztu zuen: 13-7. Hala, atsedenaldira heldu aurretik, gernikarrek aldea handitu zuten, eta 19-7 heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran ere etxeko taldea izan zen nagusi. Baina, pixkanaka-pixkanaka Pozuelo partida kontrolatzen hasi zen, gero eta arrisku gehiago sortuz. Adriwn Peresek 19-10 jarri zuen markagailua. Kanpoko taldeak orduan jokatu zituen partidako minuturik onenak. Bitartean, gernikarrak ezinean zebiltzan, madrildarren defentsa sendoarekin topo egiten baitzuten. Juan Pablo Pietrellik etxekoentzat beste entsegu bat egiteko aukera izan zuen, baina, baloiak eskuetatik irrist egin zion. Norgehiagoka amaitzeko bost bat minutu falta zirenean, Peresek 19-17-ko emaitza erabakita utzi zuen.
Beste derbi bat
Asteburuan denboraldi honetako bigarren euskal derbia jokatuko dute basurdeek. Getxoren kontra lehiatuko dira zapatuan, 17:00etatik aurrera, Faduran.
Hain zuzen ere, denboraldiko estreinako norgehiagoka Hernaniren kontra galdu egin zuen talde gernikarrak. 42-20 nagusitu zen talde gipuzkoarra.