Bermeoko irteera
Mimenzak ordu bete, hamar minutu eta 35 segundoko denboran amaitu zuen proba, eta Kepa Ruiz mundakarra denbora berera heldu zen, eta bigarren sailkatu zen. Arkaitz Galindez markinarra heldu zen horien atzetik. Ordu bete, hamasei minutu eta hiru segunduko denboragaz hirugarren sailkatu zen.
Atzoko podiuma.
Emakumezkoei dagokienez, Irati Apraiz gernikarrak ordu bete, 27 minutu eta 34 segundo behar izan zituen Bermeo eta Gernika arteko ibilbidea egiteko. Haren ostean, ordu bete, 32 minutu eta 28 segundoko denbora markatu zuen Janire Arrizabalaga gernikarrak.
Hirugarren postuan lehia estua egon zen bi emakumeren artean. Ordu bete, 34 minutu eta 12 segundoko denbora egin zuten Nuria Etxegarai mungiarrak eta Monika Urrutia busturiarrak. Biak batera heldu ziren helmugara, baina, momentua aztertu ostean, mungiarra sailkatu zen hirugarren.
Busturialdeko udalerrietako eta kanpoko ehunka korrikalari elkartu ziren atzoko Urdaibaiko lehenengo maratoi erdian. 09:30ean Bermeon ekin zieten probari, eta bi orduren buruan guztiek amaitu zuten ibilbidea. Herria zeharkatu ostean, Txibitxiagatik Mundakarako bidea hartu zuten parte hartzaileek.
Hiru anoa-postu eduki zituzten ibilbidean barrena: Mundakan, Busturiko Altamiran eta Foruan. Domeka goiza izan arren, irteeran zein amaieran eta baita ibilbidean zehar igarotako herrietan ere bizilagun asko egon ziren bide bazterretan korrikalariak animatzen.
Gero, 12:30ak aldera egin zuten sari banaketa. Besteak beste, sariak banatzen egon ziren Gernika-Lumoko eta Bermeoko kirol zinegotziak eta maratoi erdia egin zuen Idurre Bideguren Bermeoko alkatea.