Uztailean aurkeztu zuten skate pistaren aurpegi berria
Antzinako Jose Done ikastetxeko skate pistaren 10. urteurrena ospatu aldera, Skateruek kirol elkarteak, Bermeoko Udalaren laguntzagaz, skate ordue jaialdia egitea aurreikusita zuen zapaturako. Auzolanean egiten ari diren zenbait lan egitea falta direla eta, jaialdia atzeratu beharrean daudela adierazi dute.
Hala, oraindik data zehatza zehaztu barik badago ere, urrian izango dela azaldu dute. Skate ordue jaialdirako egun osoko egitarau prestatu dute gazteek; skate txapelketak eta erakustaldiak eta kontzertuak egongo dira, besteren artean.
Uztailean aurkeztu zuten skate pistaren aurpegi berria. Skateruek kirol taldeak eta Bermeoko Udalak sinatutako hitzarmen baten ondorioz, auzolana eginda konpondu zuten skateruek taldeko gazteek skate pista. Garbitu, arrakalak bete eta konpondu eta margo bereziagaz margotu zuten. Hori konpontzeko beharrezko materiala, berriz, Bermeoko Udalak jarri zuen.
Uztailean, egokitze lanak amaitu barik zituzten, «abiadura hartzeko» betoizko arrapala bat egitea falta zela azaldu zuten orduan. Horiek, baina, oraindik amaitu barik daudela eta, dena prest izan arte skate ordue jaialdia urrira atzeratzea pentsatu dute.