Sektoreko beste batzuen araudi berbera izango dute itsasoko andreek
tsaso eta Arrantza sektoreko emakume langileen Babes Soziala Arautzeko Lege Proiektuari joan den astean Euzko Abertzaleak taldeak Senatuan aurkeztutako zuzenketek emaitzak onak eman dituzte. Izan ere, Senatuak sareginek, enpakatzaileek eta neskatilek sektoreko beste talde batzuek duten araudi berbera izatea onartu du, hau da, ontzietan doazen arrantzaleen mailako araudia izatea, hain zuzen.
Jose Maria Cazalis Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) senatariak hamar zuzenketa jarri zizkion joan den astean, orain bi aste Goi Ganberan sartu zen testuari. Itsasoko andreak Itsasoko Langileen Erregimen Bereziko 3. puntuan sartzea eskatzen zuen, mariskoa edo lanpernak batzen ibiltzen direnekin batera, alegia.
Bestalde, emakume langile horiek erretiro adina aurreratzeko koefizientean onurak izateko prozedura ere zabaldu dute, Lege Proiektu baten lehenengoz onartu ostean. Cazalisek azaldutakoaren arabera, «ez zuen zentzurik inolako murrizketarik izateko eskubiderik ez izatea. Orain prozesua hasiko da, eta ikusi beharko da zein neurritarainoko murrizketa eskubidea duten».
Testuak hobekuntzak izan arren, Euzko Abertzaleak abstentzioa eman dio. Cazalisek dioenez, bi puntu daude erabakitze, eta Osoko Bilkurara arte lehian jarraituko dute. Izan ere, itsaso eta arrantza sektoreko langileen babes sozialaren onuradun izan ahal izateko, arlo honetatik eratorritako diru sarrerak euren ogibide nagusia izateko derrigortasuna aipatzen du testuak. Hala ere, kontu hori Osoko Bilkuran konpon daitekeela uste dute.