Santos eta Cambronero
Bigarren Mundu Gerran Gursen (Frantzia) zegoen kontzentrazio esparruan gertatutakoaren historia berreskuratu du AskatasunArtek. Eta, horretarako, artea erabili dute.
Bihar egingo dute inaugurazioa, 18:30ean, Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta bertan izango da baita Josu Chueca historialaria.
Camp de Gurs erakusketak esparru hura ardatz izan duen lehiaketa artistikoa du oinarri. Nazioarteko lehiaketa deitu, eta mundu zabalean eragina izan duela diote AskatasunArte erakundeko kideek. Alejandro Campos hondarribitarra da presidentea, eta Natalia Cambronero presidenteordea da erakusketaren komisarioa. Artista da bera, irundarra, eta lehiaketaren epaimahaiko kidea izan da, Iñaki Ruiz de Eguino artista eta eskultore donostiarrarekin batera.
Lehiaketak oihartzun handia izan du. Besteak beste, Paraguaiko, Kubako, Argentinako, Amerikako Estatu Batuetako (AEB), uruguaiko, Argeliako, Bielorrusiako, Suizako eta, zelan ez, Euskal Herriko artistek parte hartu dute lehiaketan. Cambronerok azaldu legez, gainera, hasi berriak diren artistekin batera,ezagunak direnak ere parte hartu dute: “Esther Pizarro eskultoreak edota Angelica Sos, Alberto Letamendi eta Neus Pino pintoreek beraien lanak aurkeztu dituzte”. Cambronerok dioenez, ikuspuntu artistikoa kontuan hartuta, maila handiko lanak batu dituzte lehiaketan.
Artistek espresatzeko askatasuna izan dute”
150 artelan aurkeztu dituzte guztira lehiaketara, eta 36 hautatu dituzte erakusketarako. AskatasunArteko presidente Alejandro Camposek dioenez, gainera, lehiaketaren gaia interesgarria izan da artistentzat: “Gaiari buruz pentsatzen dutena espresatzeko aukera izan dute. Hausnarketarako gonbidapena egin du lehiaketak, eta artistek ikusgarritasuna baino balio gehiago izan dezaketen obrak egin dituzte”. Beraiek ikuspuntu zabala aurkeztu dutela dio elkarteko buruak, eta parte hartzaileek gura izan dutena kontatu dutela. “Adierazpen askatasuna errespetatu dugu beti”.
Dena den, Gursek berez historia baduela diote AskatasunArteko kideek; eta konzentrazio esparruari buruzko proiektua bihotzetik jaiotakoa dela. “Gursera bizitzen joan ginenean ez genuen konzentrazio esparruaren historia ezagutzen, izan zenik ere ez genekien”, diote. Aurten 70 urte beteko dira Camp de Gurs askatu zutenetik, eta memoria egin gura dute. Hala, Gursen bertan urriaren 25ean egingo duten ekitaldian ipiniko dute erakusketa. “Konzentrazio esparruan zeuden etxolen erreplikak daude gaur egun Gursen, eta han jarriko ditugu lanak erakusten”.
Aurten egingo dute konzentrazio esparru horretan ofizialki lehen ekitaldi instituzionala, Alemaniako eta Frantziako gobernuetako ordezkariekin. Hala ere, ekainaren 6an ere ekitaldia egin zuen AskatasunArtek, eta Gursen izandako Jose de Sola omendu zuten. Haren testigantza eta beste lau pertsonarena lortu du AskatasunArtek Gurs-i buruz prestatzen ari den dokumentalerako.
Lanen artean, Gursen izan zen artista judu batek egindako margolana ere badugu erakusten”
Konzentrazio esparru horren historia dokumentatzea garrantzitsua dela diote. 1939. urtean zabaldu zuten errefuxiatuak hartzeko gunea. Hasiera batean, Euskal Herritik ihesi zihoazen herritarrak eta errepublikar espainiarrak hartzeko zabaldu zuten, eta 1942. urtera bitartean artegune garrantzitsua bilakatu zen. “Artista asko bildu zituen esparrua izan zen, eta beraiek egindako artelanei esker ezagutzen dugu gaur egun Gursen egunerokotasuna nolakoa zen”. Arte lehiaketa eta osteko erakusketa, beraz, Gursen izan ziren artistei omenaldia ere bada, Alejandro Santosek azaldu duenez. Artelan horietako batzuk berreskuratu dituzte, gainera, eta erakusketako parte dira. “1942ean margotutako artelan bat dugu, Julius C. Turner artista juduak egindakoa”.
Ostean, 1942etik 1945ean zarratu zuten arte, konzentrazio esparruaren egoera gordinagoa izan zen. Frantziako komunistak, nazioarteko brigadistak, juduak eta beste batu ziren han; inoiz 20.000 pertsona inguru.
Gurs, Irun, Baiona, Bilbo eta Gernika-Lumo bisitatu ostean, erakusketa Frantziara eta Alemaniara ere eraman gura dute. Pariseko alkatearekin harremanetan dira han erakusteko, Iruñera ere joan gura dute, Jacara eta baita Badenera ere (Alemania). Alemaniako hiri hartako juduak Gursera eraman zituzten, eta artelanak hara eramatea erakusketari amaiera borobila ematea litzateke AskatasunArteko arduradunentzat.