Salsamendi hilaren 13an Kontxa irabazi ostean Bermeon egindako harreran.
Urdaibai arraun elkarteak jakitera eman duenez, Jon Salsamendik taldeko entrenatzaile izaten jarraituko du hurrengo denboraldian.
Hain zuzen ere, oriotarrak beti esan du urtetik urterako konpromisoa hartzen duela, eta oraingoan ere horrela egin du. Klubaren proposamena onartu, eta urtebeterako berritu du kontratua.
Salsamendi 2012ko udazkenetik dago Bermeoko arraun taldean. Bi urtez jarraian Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak eta Kontxako bandera irabazi dituzte bermeotarrek beragaz.