Martxoaren amaieran jokatu zuten elkarren kontra aurreko denboraldiko azken jardunaldian.
Emakumezkoen ligako saskibaloi taldeek asteburu honetan hasiko dute denboraldia. Gernika Bizkaiak etxeko zaleen aurrean dauka hitzordua, eta aurreko denboraldian legez, Maloste zalez betetzea espero dute oraingoan ere.
Zaragozako (Espainia) Mann-Filter taldearen kontra jokatuko du etzi, 18:30etatik aurrera.
Hain zuzen ere, bi taldeak elkarren kontra aritu ziren aurreko denboraldiko azken jardunaldian. Martxoaren amaieran izan zen, eta gernikarrek 60-69 irabazi zieten. Etzi garaipena errepikatzeko gogoz irtengo dira kantxara Gernika Bizkaiako jokalariak.
Klubak udan egindako kontratu berritzeen eta fitxaketen ondoren, honako jokalariekin osatu du taldea Mario Lopez entrenatzaileak: Shanasa Sanders, Naiara Diez, Rachael Vanderwall, Claudia Pop, Izaskun Garcia, Maite Mugira, Yaiza Lazaro, Ella Clark, Gisela Vega eta Ariel Edwards.
Gernika Bizkaia bigarren urtez jarraian lehiatuko da Emakumezkoen ligan. Aurreko denboraldia seigarren amaitu zuen. Ligan izango duen lehenengo aurkaria, ostera, hamabigarren sailkatu zen.
Maila mantentzea helburu
Entrenatzaileak adierazi duenez, jokalai batzuk aldatu arren, aurreko denboraldiko “ambizio eta filosofia” berberekin ariko dira denboraldi honetan ere. Taldera heldu berri diren jokalariak ondo egokituko direnaren uste ona du, eta helburua mailari eustea dela esan du.
Taldearen “estiloa” mantenduko dutela dio. Haien jokatzeko modua “intentsitatean, defentsa onean eta erasoko jokaldietako zenbait aldaketetan” oinarritzen dela azaldu du. Taldeak duen indarragaz ahalik eta lehiakorrenak izaten ahaleginduko dira.