Alde Zaharreko kaleetako kale-argiak
Bizi kalitatea hobetzearen alde eginda eta ingurumena zaintzeko proiektuen garapen estrategiaren baitan, Mundakako Udalak Alde Zaharreko argiteria hobetuko du. Hartara, segurtasuna, eraginkortasuna, aurrezpen energetikoa eta argiztapen hobeagoa lortuko dutela azaldu dute udaletik.
Urte hasieran Lamiaran industriagunean 32 kale-argi berriztu zituzten, orain, Alde Zaharrekoak aldatzeari ekingo diote. Orain arte egon diren kale-argi zaharrak LED teknologiako beste batzuengatik ordezkatuko dituzte, «eraginkortasun handiagoa dutenak eta gutxiago kutsatzen dutenak».
Helburua, diotenez, argiztapen potentzia gutxiago sortzea da, «energia elektrikoaren kostu baxuagoagaz eta kontsumo elektriko gutxiagogaz». Hala, jakinarazi dutenez, 55 argi puntu berri ezarriko dituzte.
LED teknologiako kale-argien bitartez, argiztapena hobeto aprobetxatuko dute, eta horrek bermatuko du aurrezpen energetikoa. Gainera, atmosferara igorritako CO2-a eta FHS-a (goiko hemisferiora igorpena) ere murriztuko da, indarrean dauden araudietara egokituta. Bestalde, kolore-erreproduzioaren indizea delakoa ere hobetu egingo dela azaldu dute.
Lan horiek egiteko aurrekontua 47.251,90 eurokoa da. Horiek egiteko, baina, udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Energiaren Euskal Erakundea diru laguntzak kudeatuko dituela azaldu dute.