Urdaibaik bere balio naturalak nazioartean zabaltzearen alde egin du
Urdaibaik bere balio naturalak zabaltzearen aldeko apustua egin du, eta, horren harira, elkarlanerako topaketa batzuk hartu ditu. Hain zuzen, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Busturiko Madariaga Dorretxean egin dituzte topaketok, eta Europako naturgune interesgarrienetariko batzuetako zentroek parte hartu dute. Hain justu, Errusia, Suedia, Ingalaterra, Holanda, Belgika, Portugal eta Frantziako naturgune ezberdinetako ordezkariak izan dira.
Leku horietako kontserbazioaz hitz egiteko bildu ziren, besteak beste, aipatu ordezkariak. Eta, horrez gain, zentroen arteko turismo garapenaren arloko nazioarteko elkar lankidetza ere izan zuten hizpide. Azken gai horri lotuta, zentroen artean teknologia berrien bitartez lan egitea proposatu zuten.
Euskal Herriak ere izan du bere ordezkaritza aipatu topaketetan: Basquetour. Urdaibai Biosfera Erreserbako balio turistikoak ezagutarazi dituena izan da hori. Era berean, Eusko Jaurlaritzak inguru horretan egin dituen proiektuen berri ere eman du.
Azkenik, Munduko Bankuak eta ENoLL Europako Living Labs sareak argitaratutako gida bat ezagutarazi zuen GAIA klusterrak. Gida horretan, garapen iraunkorrerako balio ditzaketen nazioarteko hamabost kasu bildu dituzte, eta, horien artean dago, esaterako, Urdaibai Bird Centerreko Living Lab-a. Hala, proiektu horren «diziplina anitzeko izaera» nabarmendu zuten.