Urtean zehar ehundaka ikasle hartzen ditu Sukarrietako BBKren egoitzak
BBK-k Sukarrietan duen egoitzan eskaintzen duten hezkuntza programak berritasunak ditu aurton. Hain zuzen ere,
Jagon izena duen programa abiarazi dute. Ikasleek eskola jazarpenaren larritasunaz kontzientzia har dezaten nahi dute programa horren bitartez, eta hori saihesteko estrategiak landuko dituztela jakinarazi dute.
Jagon programa Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1 eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Azaldu dutenez, Sukarrietako egoitzan lau eguneko egonaldia egiten eskainiko da.
Proiektu horren bidez, era guztietako jazarpena zein ziberjazarpena desagerrarazten lagundu gura dute. Hala, gazteen garapenean bortizkeriak duen eragin negatiboaz kontzientzia har dezaten saiatuko direla azaldu dute: «Helburu nagusia ikasleen artean balioak eta portaera egokiak sustatzea da, bizikidetza kontzientea, osasuntsua eta solidarioa izan dezaten».
Modu horretan, jazarpen egoerak detektatzeko eta ekiditeko dinamikak gauzatuko dituzte Sukarrietako egonaldian. Era berean, lankidetza espiritua eta erantzukizunak hartzeko gaitasunak indartuko dituztela diote.
Tolerantzia sendotzea, eskola jazarpenari aurre egitea, bizikidetza sustatzea eta natura-ingurunea errespetatzea dira BBK-k 2015-2016 ikaturterako antolatu dituen hezkuntza programen helburu nagusiak. Horretarako, programa desberdinak eskaintzen dituzte.
5 eta 13 urte bitarteko ikasleek, esaterako, asteburu bateko egonaldian parte hartu ahalko dute. Haurrek bere ikaskideekin asteburu bat partekatzea da programa horren helburua, «bai eta naturaz gozatzea eta Urdaibaiko bizilagunen ohiturak eta bizimoduak ezagutzea ere», diote.
Sukarrietako egoitzan eskaintzen diren progama horietan parte hartu gura duten ikastetxeek irailaren 30era arte dute izena emateko aukera.