Urdaitriko kideek eman dituzte lasterketari buruzko azalpenak
Urdaibaiko maratoi erdia egingo dute domekan –irailaren 27an–. Lehenengoz antolatu dute proba hau, baina antolatu nahian urteak eman dituztela azaldu dute Urdaitri taldekoek. Gernika-Lumoko Kultur Etxean egin zuten aurkezpena atzo arratsaldean. Zehaztu zutenez, Urdaibai inguruetatik maratoi bat antolatzeko eskariari erantzuna emango dio domekako probak, eta kirola zein zale asko batu gura dituzte. Lehen urtea izanda, mila korrikalari aurreikusi dituzte antolatzaileek. Hala ere, ohartarazi dute fisikoki prestatuta daudenentzako maratoia izango dela; «ez da herri krosaren antzekoa, lasterketa espezializatuagoa izango da», zehaztu dute Urdaitri taldeko kideek.
Izena emateko epea zabalik da, eta parte hartu gura dutenek
www.sailkapenak.com webgunera jo beharko du. Zapatuan, gauerdian, zarratuko epe hori, eta izena ematerakoan 18 euro ordaindu beharko dira. Dortsalak, gero, Gernika-Lumoko Kultur Etxean batu beharko dituzte barikuan 16:00etatik 20.00etara eta zapatuan 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Kirol proba Bermeoko Lameran hasiko da, 09:30ean. Herria zeharkatu ostean, Txibitxiagatik Mundakarako bidea hartuko dute korrikalariek. Hiru anoa-postu izango dira bidean: Mundakan, Busturiko Altamiran eta Foruan. Parte hartzaileak Gernika-Lumora 11:30ak aldera helduko direla aurreikusi dute antolatzaileek, eta 12:00etan egingo dute oparien zozketa.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko udalen laguntza izan du Urdaitri taldeak Urdaibaiko lehen maratoi erdia antolatzeko. Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Gernika-Lumoko kirol zinegotzi Jon Lejarraga ere pozik agertu dira. Biek ere, kirol fogak urteekin indarra hartzea espero dutela esan dute aurkezpenean, eta instituzioen arteko elkarlana ezinbestekotsat jo dute horrelako jarduerak bultzatzeko.