Asturiasko familia Gernika-Lumoko irteeran.
Urtero Donejakue Bidea egiten duten milaka erromes pasatzen dira gure eskualdeetatik. Udan zein neguan, urtaro denetan ohikoa da bide bazterretan erromesaldia egiten dabiltzanak ikustea. Batzuek oso-osorik egiten dute, eta askok urte bakoitzean etapa bat edo batzuk.
Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemein eta Gernika-Lumo arteko ibilbidea egokituko duela jakinarazi berri du. Konponketa lanak udazkenean hasiko dituzte, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran. Eta sei hilabeteko iraupena izango duela aurreikusi du aldundiak.
Ibilbideko zati batzuk konponduko dituzte, egoera txarrean daudenak, hain zuzen. Erromesek bidean leku nahikoa izateko bide bazterretako sastrakak kendu eta garbi utziko dituzte.
Era berean, errepide alboan urik ez pilatzeko arroilak egingo dituzte. Eskailerak eta barandak jarriko dituzte berriro, eta erreka gainetik pasatzeko egurrezko pasabideak egokituko dituzte.
Halaber, egoera txarrean dauden seinaleak kendu eta berriak ipintzeko asmoa dauka aldundiak. Horregaz batera, ibilbidean norabideak zehazteko seinale berriak eta Markina-Xemeingo herrigunean eta Mendatako Zarrabenta auzoan informazio taula bana ere ipiniko dituzte.
Izan ere, bizikletan edota bestelako garraioetan egiten dute batzuek, eta oinez gehienek. Horregatik, beharrezkoa da errepidea egoera onean egotea.
Bakarka, bikoteka, lagun artean edota familian egiten dute Santiagorainoko bidea. Familian etorri dira, esate baterako, Klara Moran, Ferando Garcia, Valle Moran eta Ana Moran Asturiastik. “Hilaren 9an Irunen hasi ginen, eta zati bat egingo dugu, hilaren 21era arte. Alabaren unibertsitateko ikasketak tarteko, ez dugu dena egiteko egunik edukiko!”.
Gernika-Lumon lo egin dutela kontatu dute: “Irundik Donostiara joan ginen, eta Donostiatik Zarautzera; gero, Zarauztik Debara joan ginen, eta Mutrikun gaua pasatu genuen. Handik Markina-Xemeinera abiatu ginen”.
Etapa bakoitzean 20 bat kilometro egiten dituzte. Lehenengo egunean non lo egin ez zutela-eta, 30 kilometrotik gora egin zituztela azaldu dute.
Jendea ezagutzeko aukera
Bestalde, asko dira bideari bakarrik ekin, eta ibilbidean zehar topatutako bidelagunekin amaitzen dutenak.
Javier Pulido (Madril), Bernadette Beck (Alemania) eta Jose Gonzalezen (Bartzelona) kasua da hori. Zapatuan hasi zuten bidea, eta hirurek bat egin dute Ziortza-Bolibarren.
Donejakue Bidea egiten duen lehenengo aldia da Pulidorena; Beck, berriz, bosgarrenez ari da bidea egiten, eta Gonzalez, azkenik, bigarrenez: “Hau bizio bat da”. Esan dutenez, bidaide asko topatu dituzte: “Egon garen aurreko lekuetan baino jende gehiago topatu dugu Markina-Xemeinen”. Hango aterpetxean gaua pasa, eta Gernika-Lumora bidean, Ziortza-Bolibarren egin dute geldialdia.
Beck, Pulido eta Gonzalez, Ziortza-Bolibarren.
30 kilometrotik gora egiten dituzte egunero. “Libretik goaz; normalean etapak 20 kilometro ingurukoak dira, baina gu hamar bat kilometro gehiago egiten gabiltza”, dio madrildarrak.
Donejakue Bidea egiteko gidaliburu desberdinak daude eskuragai. “Askok gidaliburuaren jarraipena zehatz-mehatz egiten dute, guk helmugaren batera garaiz heldu garela ikusten badugu, jarraitu egiten dugu”, dio katalanak. Dagoeneko etapa bat aurreratu dute, hiru egunean lau etapa egin baitituzte.
Pulidok Donostian hasi zuen bidea, eta besteek Irunen. Beck-ek bide osoa egingo du, eta lau astean heltzea espero du. Pulido, berriz, astebete egongo da bidean, eta Gonzalez bi aste.
Bidea egiteko arrazoi ezberdinak dituela azaldu dute: “Kirola egitea, paraje eder hauek ezagutzea, jendea ezagutzea, aire garbia arnastea… Gureak askotariko arrazoiak dira”. Hala, orain arte ikusitako paraje ederrak nabarmendu dituzte hirurek: “Hemendik aurrera topatuko duguna, orain artekoa modukoa bada, zoragarria izango da”.
Gernika-Lumoko turismo bulegoan erromesen gorakada igarri dute azken urteetan. Esaterako, azken bi urteetan igarotako erromesen kopurua ia %30 igo dela azpimarratu dute. Diotenez, atzerritar gehiagok egiten dute bidea, bertoko edo Espainiar estatukoekin alderatuta. “Frantziatik pila bat datoz, aurton hemendik pasatu direnen %22,15”.
Atzerritarren gorakada
Gehienek udaberrian eta udan egiten dute bidea: “Erromesen %85 maiatzetik irailera etortzen da”. Eta horietatik gehienak uztailean eta abuztuan datoz gurera, udako oporraldia aprobetxatuta.
Aurten, urtarrilatik irailera arte, atzerriko 2.755 pertsona pasatu dira turismo bulegotik. Espainiar estatuko, Kataluniako eta Nafarroako 1.610 lagun igaro dira, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik 194 herritar; guztira, beraz, 4.578 pertsona.
Azken urteetako bilakaera argi erakusten dute datuek: 2012. urtean, 3.151 lagun igaro ziren bertatik; 2013. urtean, berriz, 3.891 lagun, eta, iaz, 4.464. Gorakada batik bat atzerritarren artean nabari da: 2012an, 1.752 pertsona; 2013an, 2.306 pertsona; 2014an, 2.821 pertsona, eta aurten, dagoeneko, 2.755 atzerritar igaro dira.
Gernika-Lumon, beste alde batetik, Allende Salazar ikastetxea aterpetxe moduan egokitzen dute udan, bidea egiten dutenentzat. Asko dira udaro bertan gaua pasatzen dutenak.
Erromes gehienek egun bakoitzeko kilometro kopurua aurreikusita izaten dute, eta ez dute atseden hartzeko tarterik izaten. Hala ere, Gernika-Lumoko turismo bulegotik pasatzen diren erromes batzuek ingurua ezagutzeko astia hartzen dute. Gomendio eske joaten dira: “Batzuek hondartzengatik galdetzen dute, edo Bermeora nola joan daitekeen… Aurreko batean, adibidez, Kortezubiko Omako baso margotuarengatik galdegin zuten”.
Allende Salazarreko aterpetxetik, aurten, 1.292 erromes pasatu dira (iaz 1.015 pertsona). Horietatik 570 Europatik etorri dira: Alemania, Frantzia, Italia, Belgika edo Portugaldik, esate baterako. Halaber, Mexiko, Brasil, Kanada, Japon edota Hego Koreatik etorritako erromesak ere egon dira.
Aurten Gernika-Lumoko aterpetxean egon direnen adin tarteei dagokienez, gehienak 19 eta 30 urte bitartekoak izan dira: guztira, 548 pertsona zenbatu dituzte. 31 urtetik 40 urtera arteko erromesak, aldiz, 179 izan dira; 18 urtetik beherakoak 91, eta 60 urtetik gorakoak, 99.