Galduta egon dira, eta bere buruarekin topo egin dute. Drogekin eta alkoholarekin arazoak izan dituzte, baina orain laguntza talde bat sortu dute Gernika-Lumon.

Laguntza taldea sortu dute narkotiko anonimoek
Bakardadearen sentipenak ito egiten zituen. Hutsik eta babesik gabe sentitzen ziren. Narkotiko Anonimoak taldeko kideak dira Iñaki, Joserra eta Iñigo —azken izen hori asmatutakoa da, bere ingurukoen aurrean anonimotasuna mantendu nahi duelako, eta gainontzekoek ere ez dute abizena jakinarazi nahi izan—.
Gernika-Lumon sortu dute taldea, eta bidea egiten ari dira maiatzaz gerotik. Oraindik egiteko asko dutela diote, baina jadanik 8-12 lagun biltzen dira batzarretan. «Bakardadearen sentipenak batzen gaitu. Kontsumitzen nuenean, bakarrik nenbilen, eta bakardade sentsazioa izugarria, ikaratzekoa zen», dio Iñakik. «Batzarretan, baina, bat egiten duzu zure antzeko arazoak dituzten pertsonekin, sufritzen ari direnekin, eta ulertu egiten zaituzte».
Iñakiren ustez, sufrimendua da aldaketara bultzatzen duena. «Barrutik hutsik nengoen, eta irtenbideren bat behar nuen». Horrela jo zuen Narkotiko Anonimoen Taldera. «Han eman zidaten giltza. Han ulertarazi zidaten gaixoa nintzela, droga mendekotasuna zuen gaixo bat».
Ehunka goiz madarikatu
Egunerokotasunean drogak kontsumitzen ari zirenean ez zirela beren buruaren jabe diote hirurek. «Oso gaizki esnatzen nintzen goizero», dio Joserrak. «Zurrunbilo horretatik atera nahi nuen, baina ezin. Ehunka goiz neure burua madarikatzen, ez nuela berriro egingo errepikatzen, baina kalera atera eta tentazioan erortzen nintzen».
Alkoholiko Anonimoen batzarretara joaten hasi zen Joserra. «Drogekin bai, eta alkoholarekin ere banuen arazoa». Talde hartan asko ikasi zuela dio: «Beste batzuen esperientziak entzutean eta nireak konpartitzean ohartu nintzen irtenbide bat badagoela». Taldekide asko orain barreka ikusten ditu, bizitzarekin gozatzen, eta hori lortu nahi du berak ere.
Elkarri laguntzeko taldeak direla dio Iñigok, eta maitasun ariketa moduan definitzen ditu Iñakik. «Nik ez dut neure burua maite izan, eta maitasuna kanpoan bilatu izan dut beti. Kontzeptua distortsionatuta izan dut. Maitasuna beldurraren kontrakoa da, eta ni beti beldurrez bizi izan naiz. Segurtasunik eza izan da nagusi. Azkenean, ulertu behar duzu norbera dela bere gaitzen iturburua, eta zure inguruak ez duela errurik. Errealitatea bizitzen ikasi behar da, eta arazoei aurre egiten».
Gernika-Lumoko laguntza taldea Gurutze Gorrian batzen da. Asteazken eta ostiraletan 19:00etan, eta igandeetan 11:00etan. Bilbon beste talde bat dago. Zankoeta kaleko 1. zenbakian egiten dituzte batzarrak, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 19:30ean. Arazoak dituen edonor proba egitera animatu gura dute.
«Zentroetako egonaldiak ez dira nahikoak», dio Joserrak. Bere esperientziak erakutsi dio zortzi hilabeteko programa batek nekez lagunduko diola arazoari aurre egiten. «Gu gaixoak gara, bizi osorako gaixoak».
Arazoa onartu behar da
Eta arazoa aitortzea da lehenengo eta ezinbesteko pausoa. Iñakik dioenez, garrantzitsua da norbere buruarekin zintzoak izatea, justifikaziorik gabe. «Bizitza osoan aitzakiak eta gezurrak erabili izan ditugu geure burua defendatzeko, eta zintzoak izan behar dugu».
Joserra eta Iñigo ere bat datoz hitz horiekin. «Nik lehen ez nuen nire arazoa onartzen, eta uste nuen gertatzen zitzaidan guztia besteen erruz zela. Orain nire arazoak neure egiten eta besteekin konpartitzen laguntzen didan talde bat dut», dio Iñigok. Pausoz pauso doaz, eta jada hamabigarren urratsean daude: «Gure esperientziak publikoki konpartitzeko gai gara».
Iñigo: “Egun batean egoera muturrera heldu zen, eta emaztea jo nuen”
«Etxean harremana jasanezina zen. Kaletik etxera heltzean transformatu egiten nintzen. Oldarkorragoa nintzen, eta emazteak esaten zidana ez nuen onartzen. Mozkor eta drogatuta heltzen nintzela esaten zidan, eta nik ez nuen haren jarrera ulertzen. Horrela eman ditugu urte asko, eta emazteak ezin zuen egoera jasan. Egun batean egoera muturrera heldu zen, emaztea jo egin nuen eta salatu egin ninduen. Epaiketa izan nuen, eta horrek hondoratu ninduen. Ez nuen ulertzen nire jokabidea. Han, epaitegian, pertsona batek jarri ninduen harremanetan Alkoholiko Anonimoen Taldearekin. Horrela ezagutu nuen ere Narkotiko Anonimoen Taldea. Joatea erabaki nuen, nire bizitza goberna ezina zelako. Ez nintzen zoriontsu, ez etxean, ez lanean, ezta kalean ere. Ezin nuen egoera hori jasan.
Narkotiko Anonimoen Taldean sartzeak eta nire kideei entzuteak lagundu ninduen. Hala ohartu nintzen gaixotasun bat nuela, eta kasu egin behar niola. Auto istripuak ere izan ditut, drogatuta eta mozkor nengoela. Orain, urte eta erdi daramat programan, eta arazoren bat dudanean, edozein huskeria bada ere, haiekin hitz egiten dut. Nire ustez, garrantzitsua da dena konpartitzea, bizitzen laguntzen dizulako, eta egunerokotasunari aurre egiten.
14 urterekin hasi nintzen kontsumitzen, eta nire bizitza adin hartan eten egin zen irudipena daukat. Orain, 14 urterekin nintzen horretatik hasi behar dudala ematen du, eta galdu izan dudan guztia bizi… Neure burua ezagutzen ari naiz, eta hori oso zirraragarria da. Gauzek hobera egin dute, eta lanean nituen arazoak ere desagertu dira, berez; arazoak desagertuz doaz eta gauzak bere lekuan ikusten ditut».
Joserra: “Hainbatetan atxilotu naute, eta bost urteko kartzela zigorra bete dut”
«Kontsumoaren sufrimenduak ospitalera, psikiatrikora eta kartzelara eraman nau. Umetan hasi nintzen kontsumitzen. Harremanak egiteko laguntzen zidala ohartu nintzen, eta nire etxeko arazoak ahazten lagundu. Hori zen nire bizimodua, eta nerabezaroan, gozatu egin nuen. Baina, urteek aurrera egin ahala, nire kontzientziak ez zidan gozatzen uzten. Oldarkor bihurtu nintzen. Harrapatuta nengoen, eta bidean dena galdu nuen: osasun fisikoa eta psikikoa, familia harremanak, bikotekideenak, lagunak, lana… Maila sozialean dena galdu nuen. Eta harrigarriena zen ez nuela neure burua errudun ikusten, den-dena besteen errua zen. Azkenean, kalean bizitzen amaitu nuen, Bilbon. Dirua eskatzen nuen ardoa eta lasaigarriak erosteko, eta horiek hartzerakoan gizon ikusezina nintzela pentsatzen nuen… Egoera horretan, egun argiz, dendetako erakusleihoak ere apurtu izan ditut. Atxilotu eta preso eraman izan naute askotan. Zentroetan sartu arren, kaleratu egiten ninduten, edo alde egiten nuen…
Halako batean, bost urteko zigorra jarri zidaten, eta kartzelan hasi nintzen laguntza talde batera joaten. Hasieran, tabakoa eta kafea ematen zidatelako joaten nintzen. Baina lagungarri egin zitzaidan, taldera joateko arau batzuk bete behar nituelako: txizaren analisiak egin behar nituenez, ez nuen kontsumitzen. Horrela, besteen esperientziak entzunez, gauzak beste modu batera ikusten hasi nintzen. Hala ere, kartzelatik atera eta harrera pisu batera joan nintzen, eta handik Etorkintzara. Baina kanporatu egin ninduten. Berriro kontsumitzen hasi nintzen, Alkoholiko Anonimoen batzar batean amaitu nuen arte. Hara nola heldu nintzen ez dakit, baina talde hartan jarraitu nuen eta harremanak berreskuratzen hasi nintzen: lanean, familian… Orain bizitzen ikasten ari naiz, eta gauzekin gozatu egiten dut».
Iñaki: “Droga zen nire obsesioa, baita erosteko dirua nola lortu ere”
«Neure buruari min egiten nion, ez nekien lanarekin gozatzen, familiarekin, diruarekin… Droga zen nire obsesioa, eta kontsumitzeko dirua nola lortu. Baina bitartean, nire albokoek sufritu egiten zuten. Sufrimendua, amorrua zen nik sentitzen nuena, eta hori transmititzen nuen. Eta sufrimendua da aldaketaren ardatza. Sufrimenduak bultzatu ninduen aldatzera, irtenbide bat bilatzera. Hutsik nengoen barrutik, eta talde batera jo nuen. Han eman zidaten irtenbidearen giltza, eta ulertarazi zidaten gaixoa nintzela, gaixo adiktua».