Txokoa libre uzteko eskatuko dute zapatuan, Markina-Xemeinen
Bazkariagaz hasi eta arratsaldera arte luzatuko dira aldarrikapena ardats izango duten ekintzak. Ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritar guztiakTxokoa libre eta zabalik egotea aldarrikatuko dute zapatuan, berriz ere, Markina-Xemeinen. Espain...
Bazkariagaz hasi eta arratsaldera arte luzatuko dira aldarrikapena ardats izango duten ekintzak. Ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak
Txokoa libre eta zabalik egotea aldarrikatuko dute zapatuan, berriz ere, Markina-Xemeinen. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiari helegitea aurkezteko epea amaitzear dago, eta konfiskazioaren mehatxua, beraz, gainean. Hori dela eta, aldarrikapena gero eta ozenago kaleratu eta Txokoari babesa erakusteko asmoz, ekitaldi bat prestatu dute zapatu arratsalderako.Txokoaren aurrean bertan izango da, gainera, bazkariagaz hasiko den ekitaldia. 14:30ean jarri dute bazkaltzeko ordua, eta bazkalostea herriko bertsolariek girotuko dute, Eneko Arratek eta Iratxe Ibarrak. Ostean, kartelak jarriko dituzte herrian zehar joaldunek eta trikitilariek lagunduta.
Bazkarian izena emateko azken eguna bihar izango da. Txartelak 15 euroan eros daitezke Txokoan bertan edo Alarabin. Ikasle eta langabetuentzat prezio 10 euroan egongo dira.
Zapi laranja jantzi, eta ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, Markina-Xemeingo herriko tabernari elkartasuna adierazteko.
Helegitea
Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 18an Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuenetik konfiskatzeko arriskuan daude 107 herriko taberna, tartean Markina-Xemeingoa. Gorenak 700 orri baino gehiagotan emandako epaia esku artean, bide judizialak agortuko zituztela adierazi zuten elkarteetako abokatuek, eta horretan dabiltza. Markina-Xemeingo elkarteko defentsa Aitor Amutiok epaia jakin zenean azaldu zuenez, epaia baliogabetzeko eskatuko diote Gorenari. Horrez gain, ezer ebatzi ostean elkarteen kontrako behin-behineko neurririk ez hartzeko ere eskatuko dute abokatuek. Epaiaren baliogabetasuna eskatzea derrigorrezko pausoa da, ostean Auzitegi Konstituzionalera jo ahal izateko.
Epaiari helegitea jartzeko epea, baina, amaitzear dago. 30 eguneko epea izan dute abokatuek Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, epaia aztertu eta bide hori hartu ala ez erabakitzeko. Epeak kontuan hartzeko orduan, abuztua gaitasungabea dela kontuan hartuta, urriaren hasieran beteko litzateke 30 eguneko epe hori, eta, beraz, Txokoa konfiskatzeko arriskua gainean dago. Bien bitartean, baina, mobilizazio eta ekitaldi gehiago egingo dituztela aurreratu dute markina-xemeindarrek.