
IX. Motokros lasterketa hartu zuen joan den zapatuan Ereñoko Gabika auzoak. Guztira, 74 moto gidari izan ziren lehian, umetxoen, kimuen, gazteen, eliteen, beteranoen eta klasikoen mailan parte hartuta. Elite mailan, Iker Larrañaga gasteiztarra gailendu zen, eta beragaz batera osatu zuten egun horretako podiuma Ander Valentin ailegitarrak (Nafarroa) eta Bartzelonako (Katalunia) Joan Crosek, hurrenez hurren.
Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat moto gidarik ere parte hartu zuten bertan, eta, oro har, «maila ona» erakutsi zutela azaldu du Gernika Off Roadek. Hala ere, maila on hori ez zen nahikoa izan lasterketako onenen artean egoteko.
Gernika Off Roadeko Txomin Arana ereñarra ere bere onena emateko atera zen etxeko zirkuitura. Baina, gurpila zulatu, eta ez zuen lasterketa bukatzerik izan.
Lasterketan zehar, besteren batek ere izan zuen arazo bat edo beste; Gernika Off Roadeko Alex Olaetak, esaterako, maila ona erakusten ibili zen, baina, erorketa biren ondorioz, postuetan behera egin zuen. Gainontzeko bertoko pilotuak ere, ondo aritu ziren. Oier Lavinek elite mailako ohorezko txandan egoteko txartela lortu zuen entrenamenduetan. Unai Gerrikaetxebarriak ere, lan ona egin zuen, goreneko postuetan kokatuta. Klasikoen mailan eta pilotu onak direla erakutsiz, lehiatu ziren, bestalde, Ander eta Doroteo Aldana, Jose Antonio eta Juan Manuel Ojanguren eta Ramon Cobo moto gidariak.
Oro har, lasterketa polita izan zela deritzo Gernika Off Roadek: «Zirkuitu perfektua izan zen, eta korritzeko ondo egon zen; ikusleriaren aldetik ere, polito egon zen».
Lasterketan zehar garrantzi handiko arazorik ez zela egon ere gaineratu du taldeak: «Jokin Aldamizetxebarriak izan zuen erorikoa, baina susto batean geratu zen».
Datorren urtera begira
Datorren urtean ere, bertoko moto lasterketak antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du Gernika Off Road taldeak. Hala, dioenez, Munitibarko enduro lasterketa eta Ereñoko motokrokros lasterketa antolatuko ditu 2016an ere, bestelakorik gertatzen ez bada, behintzat