
Beste urte batez, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu. Horien bitartez, guraso eta seme-alaben arteko harremanetan euskara erabiltzeko erraztasunak eman gura dira batetik; eta bestetik, etorkinei euskararen atea zabaltzen lagundu gura die.
Ikastaro horiek urrian hasiko dira eta ekainera bitartean eskainiko dira. Bata zein bestean, taldeari egokitutako metodologia erabiltzen dutela azaldu dute. Ikastaro horietan parte hartu gura dutenek irailaren 30era arte eman ahalko dute izena Berh@az bulegoan.
AEK euskaltegian, gurasoentzako eskolak
Gurasoei zuzendutako ikastaroa, AEK euskaltegian izango da; 120 ordukoa, hain zuzen ere. AEK euskaltegiko arduradun Iratxe Garmendiaren esanetan, “euskaraz ez dakitenek zein euskaraz jakin arren, alfabetatu gura dutenek parte har dezakete”. Horietan, seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galtzen saiatuko dira eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute, besteak beste.
Aitziber Gabikaetxebarria euskara teknikariaren arabera, gurasoen zeregina garrantzitsua da hizkuntzaren transmisioan: “Gurasoek zenbat eta gehiago jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza aberatsagoa izango da. Era berean, seme-alabek etxean eta hurbileko inguruan ikasitako hizkuntzan oinarri sendoagoak izango dituzte”.
Etorkinak Gotzon Garitaonaindian
Etorkinentzako ikastaroa, aldiz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian eskainiko da. Ikastaro hori ere 120 ordukoa izango da. Ordu horietan, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen ikasiko dutela azaldu du Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko ordezkari Ianire Laiunok. Horretarako, HABEren Aisa metodoa erabiltzen dutela jakinarazi du. Ikastaroaren bitartez, euskaraz lehen berbak esaten ikasiko dute ikasleek, “eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatuko dituzte…”.
Euskara teknikariak adierazi modura, “euskara jakiteak hartu-emanak errazten ditu eta bideak zabaltzen ditu”. Gogorarazi dutenez, ikastaroa antolatzen hasi zirenetik etorkin ugarik izan dute euskaraz berbetan ikasteko aukera, eta hori aurrerapauso handia dela nabarmendu dute.