Argazkilaria: Irutxuloko hitza.
Emozioz beteriko estropada izan zen atzokoa. Eta emozioz beteriko eguna Urdaibaiko arraunlari eta gainontzeko kide eta zaleentzat. Lehenengo jardunaldian Hondarribiak ateratako segundu bat eta 92 ehuneneko errenta ez zen nahikoa izan, eta Urdaibaik irabazi zuen altxor preziatua: Kontxako bandera.
Egun luzea izan zen atzokoa denentzat. Donostian lehenengo, eta Bermeon gero, luze jo zuten ospakizunek.
19 minutu, 20 segundo eta 64 ehunenetan amaitu zuen lehia Urdaibaik. 6 segundo eta 80 ehunenera heldu zen Hondarribia bigarrena. Orio izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 6 segundo eta 94 ehunenera. Kaiku laugarrena, berriz, 7 segundo eta 32 ehunenera heldu zen. Alde estua egon zen TKE ligako lau “handienen” artean.
Izan ere, ohorezko txandan, lehia bizia egon zen hasieratik. Hondarribia lehenengo kaletik, Kaiku bigarrenetik, Orio hirugarrenetik eta Urdaibai laugarrenetik irten ziren. Pare-parean atera ziren; gutxieneko aldea zegoen lauren artean. Lauretako bat ere ez zegoen amore emateko prest. Kaikuk eta Oriok aukera gutxi zituzten, lehenengo jardunaldian segundu asko galdu zituztelako, baina, estropada bikaina egin zuten horiek ere.
Berdintasuna erabatekoa izan zen lehenengo luzean, eta ziabogara ere pare-parean heldu ziren. Orio izan zen azkarrena, 9 minutu, 44 segundo eta 58 ehunenean eman zuen ziaboga. Atzetik, bermeotarrak, 75 ehunenera. Ostean, Hondarribia izan zen hirugarrena, 3 segundo eta 54 ehunenera. Kaikuri, berriz, 4 segundo eta 71 ehuneneko aldea atera zion Oriok ziabogan.
Baina, ziaboga ostean Urdaibaik erakustaldia eman zuen, beste behin. Sailkatze estropadan egin moduan, atzokoan ere bigarren luze ikaragarria egin zuten Bou Bizkaiako arraunlariek. Sei segundotik gora atera zien gainontzekoei. Garrantzitsuena Hondarribiak zuen errenta gainditzea zen, eta ondo eutsi zioten bermeotarrek. Tarteka zazpi, zortzi eta bederatzi segundoko aldea atera zion bigarren luzean. Zenbait momentutan, Hondarribia laugarren ontzia izan zen, Kaikuren eta Orioren atzetik. Baina, TKE-ko liderra ez zegoen amore emateko prest, eta estropada bigarren amaitzea lortu zuen.
Urdaibaikoei Bermeon egindako harrera, atzo iluntzean.
Lehenengo jardunaldian moduan, atzoko bigarren jardunaldian ere, ez zen ezustekorik egon. San Juan izan zen lehenengo txandako azkarrena, 19 minutu, 41 segundo eta 36 ehuneneko denboragaz. Haren atzetik, 9 segundo pasatxora heldu zen San Pedro. Tiran lehenengo txandako hirugarrena izan zen, 20 minutu, 9 segundo eta 20 ehuneneko denboragaz. Donostiarra etxeko taldeak, berriz, 20 minutu, 24 segundo eta 56 ehuneneko denbora egin zuen.
Nesketan, San Juan garaile
Bestalde, gizonezkoen estropadaren aurretik, emakumezkoetan San Juan, Hibaika, Zumaia eta Orioren arteko lehia izan zen. San Juanek eraman zuen Kontxako bandera, 50. urteurrena borobiltzeko saririk onena lortuz. Kontxako bi jardunaldietan nagusitu da Pasaiako taldea.
10 minutu, 38 segundo eta 73 ehuneneko denbora egin zuen irabazleak. Atzokoan ere Hibaika sailkatu zen bigarren, segundo bat eta 64 ehunenera. Zumaia hirugarrena, 5 segundo eta 36 ehunenera heldu zen, eta Orio, ostera, 18 segundo eta 76 ehunera.
Salsamendiren adierazpenak:
hemen
GIZONEZKOAK:
- Bermeo-Urbaibai: 38:35:30
- Hondarribia: 38:40:18 [+4.88]
- Orio: 38:54:76 [+19.46]
- Kaiku: 38:56:52 [+21.22]
- San Juan 39:16.98 [+41.68]
- San Pedro: 39:39.78 [+1:04.48]
- Tiran: 39:51.80 [+1:16.50]
- Donostiarra: 40:38.28 [+2:02.98]
EMAKUMEZKOAK:
- San Juan: 21:15.09
- Hibaika: 21:18:87 [+3.78]
- Zumaia: 21:23.45 [+8.36]
- Orio: 21:46.91 [+31.82]