Azken lau denboraldiak KAE 1 Ligan egin ostean, KAE 2an ariko da Elantxobe datorren urtean. Patxi Egurrola taldeko presidente eta arraunlariak taldea sendotu eta gauzak ondo egiteko itxaropena dauka datorren denboraldirako.
Mailaz jaitsi zarete. Zelako denboraldia izan da taldearentzat?
Gaitza izan da, eta gogorra, ez dugulako eduki trainerua betetzeko jenderik azkenerarte. Konplikatua izan da. Negu zaila izan da, entrenamenduak egiterako orduan, jendea motibatuta edukitzerako orduan… Nahikoa arazo handiak eduki ditugu jende faltagatik. Azkenean, trainerua osatzeko Lekeitiotik, Ondarroatik eta Deustuatik etorri dira arraunlari batzuk, eta horiei eta bertoko mutilei esker osatu dugu trainerua.
Arazo nagusia jende falta izan da, orduan.
Bai, arraunlari gazte-gazteek egin dute aurten denboraldi osoa, eta hori, neurri batean, positiboa da. 17-18 urte bitarteko mutilak izan dira gehienak. Eta positiboa da uretan egotea ere; Elantxobe bezalako herri txiki batentzat KAEn traineru bat edukitzea oso positboa da. Gure marka, edo Elantxobe izena, bai estropadetan, bai bertoko estropada antolatzen egotea herriarentzat gauza ona dela uste dut, baita bertoko mutilentzat ere. Mailaz jaitsi arren, trainerua edukitzea gauza ona da, erreferentzia bat da atzetik datozen umeentzat. Horregatik, ahalegin berezia egin behar dugu hori mantentzeko.
Hala ere, zailtasunak zailtasun, azkenerarte eutsi diozue.
Bai, lehenengo helburua uretan egotea zen, eta hori bete dugu. Denboraldian atzetik ibili gara, Santurtzigaz, Oriogaz eta Santoñagaz batera. Baina horiek abantaila izan dute, negu guztian bat eginda egon dira; talde moduan funtzionatu dute, eta guk arazo hori eduki dugu, ez garela izan talde bat. Denboraldiaren azkenerantza lortu dugu zer edo zer hobetzea, eta, behintzat, ez dugu azkenengo postuan amaitu.
Kanporaketetan ere ez zenuten zorterik izan.
San Pedro eta Castro gu baino hobeak ziren, eta hori erakutsi zuten play-off-etan. Denbora asko kendu ziguten, eta ez zegoen zer eginik. Ez da ukatu behar mailaz jaitsi garela eta hori negatiboa dela. Estropadak amaitzen genituenean jendea apur bat ukituta zegoen, gogogabetuta batzuetan… Baina, pentsatzen dut azkenerako jendeak buelta eman ziola egoera horri, eta play-off-etara nahikoa ondo heldu ginela.
Eta, nola ikusi dituzu beste taldeak?
KAE 1ean aurten maila handia egon da, eta hori ikusi zen, esaterako, Kontxako sailkatze estropadan. KAE 1eko traineru batzuk 9.etik 12.era geratu ziren. Esaterako, Kontxako lehenengo jardunaldian Hondarribia on batek minutu bat baino ez dio atera Donostiarrari. KAE 1ean lehiatu diren sei-zazpi ontzik TKEko maila izan dute momentu askotan.
Datorren urtean ez duzue aurtengo presio hori izango.
Belaunaldi aldaketa dator; datorren urtean jende berri asko egongo dela uste dut, gazte mailatik datozenak. KAE 2an egonik, presio barik jokatuko dute. Aurten mantentzeko izan dugun presioa ez dugu izango. Gauzak lasaiago hartu ahalko ditugu, haiei erakusteko eta haiek traineru denboraldi bat zer den ikusten joateko. Denbora izango dugu beharra egiteko eta oinarriak hobeto finkatzeko. Datorren denboraldia ikasteko, trebatzeko urtea izango da haientzat.
Oraindik goizegi da datorren urterako helburuak zehazteko, baina, zein izango da asmoa?
Datorren urtera begira beharrean hasi, eta proiektua sendotzen joan behar dugu. Lehenengo, trainerua ateratzeak izango du lehentasuna; gero, gauzak ondo egin, eta ea urte batzuk barru berriro ere KAE 1ean gauden. KAE 2a nahikoa aldakorra da, hor daude inguruko Mundaka, Bermeo… Imajinatzen dut talde indartsuak egongo direla; Arkote, Santoña, Hibaika… Nahikoa ondo egiten dituzte gauzak. Ea orain urte batzuk modura talde sendo bat osatzen dugun, belaunaldi polit bat, eta igoeragaz amestu dezakegun, edota lehia horretan egoteagaz. Giltzarria entrenatzailea izango da.
Aitor Altzibarrek jarraituko al du taldea zuzentzen?
Geratzeko proposamena luzatu diogu, baina pentsatzeko epe bat eskatu digu. Oso urte gogorra izan da beretzat ere. Konfiantza osoa dugu beregan, berak igo gintuen mailaz; berak erakutsi digu arraunean. Bost urte daramatza hemen, eta beragaz lortu dugu mailarik handiena. Jarraitzen ez badu beste pertsona bat aurkitu beharko dugu.
Belaunaldi aldaketa aipatu duzu lehen. Eta harrobia? Ba al du taldeak etorkizunik?
Maila txikietan jendea badugu, umeen, kadeteen eta gazte mailetan badaude mutilak. Pena da neskak ez direla animatzen; bakarren bat badugu, baina, oro har, ez dira animatzen. Nesketan trainerurik ez dugu izan, baina batelak eta trainerillak bospasei urtean jarraian eduki ditugu. Umetan hasten izan dira, baina uzten joan dira, ez dugu eduki erregulartasun handirik. Inbidiaz ikusten dugu Gipuzkoan egiten duten lana. Baina hemen edo ez dago neskarik, edo neskak ez dira animatzen, edo ez dugu hau neskentzat erakargarri egiten… Mutilak maila guztietan ditugu, eta horrek poztasuna ematen digu.
Presidentea izateaz gain, arraunlaria ere bazara. Zu al zara taldeko beteranoena?
Traineruko zaharrena neu izan naiz bai, eta beste beterano batzuk ere badira. Horiek, nahiz eta beteranoak izan, 23-24 urte bitartekoak dira, oso gazteak dira. Uste dut denboraldiak arraunlari gazteak sendotzeko balio izan digula neurri batean.
Noiztik zaude herriko arraun elkartean?
Hasieratik nago hemen, 1988an elkartea sortu zenetik. Lehenengo arraunlari moduan, gero presidente eta orain presidentea eta arraunlaria naiz. 1998an Bizkaiko txapelketa irabazi genuen, 10. urteurrenean. Hori da taldeak duen banderarik garrantzitsuena. Ligak sortu zirenetik, 2007an hasi ginen berriro ere traineruagaz, eta KAE 1ean eta KAE 2an egon gara. KAE 1ean azken lau urteak egin ditugu.
Azkenik, arraunlaria izanda, ezin Kontxako estropadari buruz galdetu barik geratu. Zein ikusten duzu faborito?
Oso berdinduta ikusten dut estropada, pentsatzen dut azken urteetako berdintasunik handiena dagoela. Ikusten dut Hondarribiak eta Bermeok aukerak dituztela bai batak zein besteak; %50ean dagoela uste dut. Orain arte, egia da, ligan Hondarribiak irabazi dituela estropada gehienak; baina, egia da baita ere, Bermeok txapelketetan Hondarribiari aurre hartu diola, eta ondo, gainera. Aurten inoizkorik berdinduen ikusten dut Kontxa. Lehenengo jardunaldia ikusita, ez naiz ausartzen faborito bat aipatzen. Egia da Bermeok azkenengo metroetan sekulako estropada egin zuela domekan. Baina egia da Hondarribia gai izan zela gainditzeko, erreferentziak edukita eta Bermeok zelako denbora markatu zuen ikusita. Nire ustez, biak dira faborito, baina bertokoak direnez, ea Bermeok irabazten duen.