21:50ean aurkeztuko dute Xixili eta 22:00etan jaurtiko dute txupina, aurten Taraska plazan.
Jaiei hasiera emateko agertoki berria izango dute gaur bermeotarrek. Udaletxea konpontzen dabiltzanez, Taraskan batuko dira herritarrak aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emateko. Irrikan daude herritarrak Xixili ikusteko, eta 21:50ak aldera agertuko da jaietako protagonista nagusia. Alkatearen agurraren ostean, ikurrina jaso eta txupina jaurtiko dute. Xabier Anparan bermeotarrak jasoko du aurten ikurrina. Bere kategorian Austrian egindako Munduko Ironman txapelketan bigarren postua lortu du Anparanek.
Tortilla txapelketa, txosnetan
Hainbat lagun ari dira parte hartzen Martillo kaiko itsasoko probetan. Ordu erdiko atzerapenagaz hasi dira, eta umeak eta gazteak urduri zeuden kaian. Hainbat probetan parte hartzeko aukera izan dute, arrakastatsuena nasapunta izaten da. Arratsaldean, berriz, kuadrillak batu eta Almika auzora igoko dira, handik jaitsiera egiteko. Txosna gunera iritsita, jai herrikoien aldeko aldarri kolektiboa egingo dute.
Jaiak girotzen, asteburuan
Asteburuak, baina, aurtengo jaiak girotzen hasteko balio izan die bermeotarrei. Hainbat izan dira barikutik hasita txosnetan egon diren jarduerak; tortilla txapelketa, mahai ingurua, kontzertuak, elektrotxaranga…
Bestalde, Almika auzoan ere jaietan dira eta ohiko untxi sukalki txapelketaz gain, euskal baserri kirolen erakustaldia ere izan zen atzo.