Monasterio, Mendatako lasterketan
Pozik dira antolatzaileak Mendata Ezagutuz martxak eta lasterketak izan duten harrerarekin. Ia 500 lagun batu zituzten atzo Mendatan, “Antzar Eguna zela kontuan hartuta, zenbaki polita dela uste dugu”, dio antolatzaile lanetan dabilen Dabid Zabalak. Martxako parte hartzaile gehienek 23 kilometroko ibilbidea egin zutela azaldu du (225 lagun inguruk), eta jende gutxiago animatu zen luzeena (39 kilometrokoa) eta laburrena (14 kilometrokoa) egitera.
49 kilometroko mendi maratoian, aldiz, ia 50 parte hartzaile izan ziren. Gaizka Itza muxikarra izan zen lehena helmugaratzen, eta haren atzetik sartu zen Arrolapeko Iñigo Bilbao. Oskar Moralesek laugarren egin zuen, bosgarren Arkaitz Mintegiak eta seigarren Aritz Arrutik. Lehen hogeien artean sailkatu ziren, baita, Arrolapeko beste zenbait.
Nesken artean ere Arrolapeko bat garaile: Leire Monasterio. Errigoitikoak aurrea hartu zion Eva Lizarralderi. Emakumezkoen artean, bi korrikalari baino ez dira izan aurten, eta nesken parte hartzea handitu gura dutela azaldu du Zabalak. Mendi martxan ere, parte hartzaileen %25 izan dira emakumezkoak, eta, hurrengo edizioetan kopuru horiek gora egitea espero dute antolatzaileek.