Irailaren 26an larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko dute Donostian.
Sare plataformak aurreko barikuan [irailak 4] egindako prentsaurrekoan gaixorik dauden presoen egoera eta errealitatea kalera atera nahi dutela agertu zuen, “salaketa eta ezagutzatik, aldaketak bultzatzeko eta lortzeko”.
Hain zuzen ere, gaixo dauden presoak berehala kaleratzea exijitu nahi duen deialdia
Zinemaldiaren azken egunean egingo da. Sarek haien egoera salatzeko baliatu nahi du Zinemaldia. “Hemen, Euskal Herrian, filmeek jasotzen ez duten egoera krudela luzatzen doa gugan, etxe eta familia askori sufrimendu lazgarrira behartzen. Eta, zoritxarrez, ondoan dugun egoera hau askotan ez dugu ikusi ere egiten. Film honen protagonistak urrun daude, espetxeetan sakabanaturik, eta, gaur azpimarratu nahi ditugun kasuetan, oso egoera larrietan, pairatzen dituzten gaixotasun sendaezinengatik”.
Sarek Donostian egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Sare
Sakabanaketa politika “krudela eta mendekaria” dela azpimarratu dute plataformako kideek. Gaixorik dauden presoen kasuetan, gainera, sakabanaketa politika hori areagotu egiten dela ere nabarmendu dute. “Ezin dute familiaren babesa sentitu, ezta une larrietan ere. Kideen laguntza ukatzen zaie. Bakardadean eraman behar dute gaixotasunaren zama astuna eta mingarria; bereziki grabea da hau gaixotasun psikologikoz jota daudenentzat”.
Hilaren 26an, 17:00etan, Kursaal jauregitik hasi eta Sagueseko Bake Usorainoko tartean egingo den giza kartean parte hartzeko deia egin dute. Herri sare bat osatuko dute, euren mezua mundura zabalduz.