Zorroza, podiumean
Helmugaratzen lehena izan zen atzo Arrolapeko Maria Zorroza. Lapurdiko Azkainen jokatu zuten Euskal Kopako laugarren lasterketa, eta lidergoari eutsi dio. Bi ordu eta 36 minutu behar izan zituen lasterketa bukatzeko, eta iazko marka hautsi zuen, ibilbideko denborarik onena eskuratuz. “Oso pozik nago garaipenarekin, uztailetik ez dut lasterketarik izan eta ez nekien nola ibiliko nintzen”, dio Zorrozak. Hala ere, maila ona erakutsi du asteburuan.
Mutilen artean Aritz Egea gizpuzkoarra nagusitu zen. Hala ere, Arrolapekoek marka onak lortu zituzten. Imanol Goñik bigarren egin zuen, bi orduko denborarekin. Joanes Goitisolok ere lasterketa ona egin zuen atzokoan, eta zortzigarren helmugaratu zen, 2 ordu eta 8 minutuko denbora eginez. Gainera, taldekako sailkapena irabazi zuen Arrolapek.
Orain, Gorbean du hurrengo hitzordua Maria Zorrozak, irailaren 27an; eta, esan duenez, lidergoa mantendu eta Euskal Kopako txapela janztea du helburu. Gainera, Andorran, Espainian eta Portugalen lehiatzen den ISF zirkuituan ere parte hartzen ari da Zorroza, eta oraingoz, hirugarren postua berea du. “Zirkuitu horretako bi lasterketa geratzen zaizkit, Gorbean bata eta Katalunian bestea. Zaia izango da podiumari eustea, baina ahalegina egingo dut behintzat”.
Urrian, bestalde, Munduko Kopan parte hartuko du, euskal selekzioarekin, Italian. “Hori bai, gozatzeko lasterketa bat izango da”.