Xixili egitea prozesu bat da, eta prozesu hori egiten ondo baino hobeto daki 29 urtean Bermeoko jaietako protagonista egiteaz arduratu den Buztina Keramika Taldeak.

Maite Solatxi eta Marijose Dapousa Xixili egiteko lanetan
Zenbat urte daramatza Buztina Keramika Taldeak Xixili egiten?
Marijose Dapousa: 1986. urtean hasi ginen. Ordutik hona, urte batean izan ezik, guk egin izan dugu beti.
Maite Solatxi: Lehenago ere egiten zuten, baina ez dakit nork egiten zuen. Oso estatikoa zen orduan.
Zelan egiten duzue?
M.S: Moldeak erabiltzen ditugu egiteko. Horien gainean, pasta kartoi delako materiala erabiltzen dugu aurpegia, bularra eta lepoa egiteko. Egurrezko egitura baten gainean jarrita ematen diot forma. Zailena lepoa eta sorbaldak egitea izaten da, horretarako molderik ez baitago, eta itxura polita eman behar zaio. Aurten, pasta bat erabili dut, eta espatula bategaz egin beharrean pintzel bategaz egin dut.
Zenbat lagunen artean egiten duzue?
M.D: Hiruren artean egiten dugu, guk biok eta Enrike Arzubiagak. Ni ileordeaz arduratzen naiz. Aurten, hamabi mataza daramatza Xixilik.
M.S: Nik aurpegia, burua… egiten ditut, eta margotu ere egiten dut. Enrikek, berriz, Xixiliren besoak egiten ditu. Dena prest dagoenean, hirurok batzen gara muntaketa osoa egiteko. Arropak jostun batek egiten dizkio, neurrira egindakoak baitira.
Urtero prozesu bera jarraitzen duzue, beraz.
M.S: Bai, hala ere, beti da desberdina. Moldeak erabiltzen baditugu ere, espresioa ezin daiteke bera izan, nahiz eta urtero pintura berak erabiltzen ditugun. Ezpainak eta begiak, esaterako, azazkalen lakagaz margotzen ditut, hartara, distiratsuago geratzen baitira.
M.D: Prozesua urtero da bera, hala ere, urteekin prozesua laburtu egin da; izan ere, erraztasunak bilatzen saiatzen gara. Gauzak automatikoki ateratzen zaizkigu, eta esango nuke urteekin Xixili hobera doala.
M.S: Sasoi batean ez zuen bularrik, bularretako bat betetzen genuen, paperagaz forma emateko. Orain, baina, hori ere moldez egiten dugu. Ileordearen kolorea ere aldatu egin diogu, lehengo kolore horia biziagoa zen. Egungoa politagoa da.
Zenbat denbora behar duzue?
M.S: Ez dugu denbora askorik behar izaten, gaur egun nahikoa arin egiten baitugu. Hasieran izan zen zaila, asmatu egin behar izan genuen eta.
M.D: Kontuan izan behar dugu, gainera, Xixili pertsona batek eramaten duela, eta pertsona horretan pentsatu beharra daukagu. Horregatik, barrutik daraman egurrezko egitura ere, erabat babestuta dago, barrukoak minik ez hartzeko.
M.S: Hurrengo urtera begira, Xixili eroateko egitura hori zelan aldatu daitekeen pentsatzen ari naiz. Zerbait aldatu den arren, gehiago aldatzea gustatuko litzaidake.
Zerbait errespetatzea eskatzen al dizuete?
M.D: Baldintza bakarra mahonez jantzita joan behar dela da. Duela zenbait urte guk nahi genituen arropekin janzten genuen, lorekin ere. Hala ere, urte asko igaro dira mahonez janztea erabaki zenetik.
Arazoak izaten dira Xixiliren ileordeagaz, tiraka ibiltzen baitira, ezta?
M.D: Badira urte batzuk modan jarri zela Xixiliri ileak kentzea. Horregatik, Bermeoko Udalak aparteko artileak erosi eta zatiak banatzen ditu. Urteren batean ia ile barik geratu izan da. Ez dakit nondik datorren moda hori.
M.S: Horren harira, ileordea lehenengo itsatsi egiten dugu, eta gero, kortxetekin josi. Oso ondo lotuta joaten da.
Gustura egiten al duzue?
M.S: Bai, baina, egia esan, estresagarria da. Beti uzten dugu azken ordurako. Askotan, azken egunera arte ez dugu amaitzen. Beti esaten dugu neguan egingo dugula, baina oraindik ez dugu inoiz hori bete.
Urduri jartzen al zarete balkoira ateratzen dutenean?
M.S: Ni, askotan, joan ere ez naiz egiten.
M.D: Hasieran, ilusioa handiagoa zen, baina urte asko daramatzagu honetan.
Hilaren 16an portuan erretzen ikusten duzuenean, zerbait sentitzen al duzue?
M.S: Nik ez dut ezer berezirik sentitzen. Baina, egia da, inoiz pentsatu dudala ea zergatik ez duten zatiren bat gordetzen hurrengo urteko lana errazteko. Zailena hastea da, alfertasuna kendu ostean, eta behin hasita, arin doa prozesua.
M.D: Konponbidea dauka, berriro egiten dugu eta! Nik gustura egiten dut, gainera. Herritarrek onartu egiten dute guk egiten dugun Xixili, eta poztekoa da.