Hamargarren urteurrena prestatzeko asanblada egingo dute Astran, hilaren 10ean
Autogestioagaz aurrera eginez, hamar urte beteko ditu aurten Astrak. Eraikina bera 100 urte betetzear bada ere, 2005. urteaz geroztik kulturarako fabrika sozial bezala identifikatu eta bizi izan dute gernikarrek. Hala, urteurren borobil hori ospatu beharra dagoela argi du Astra Koordinadorak; hala, data jakin horretarako zer egin eta zelan egin pentsatzeko prozesua hasi du. Datorren eguenean, esaterako, asanblada ireki batera gonbidatu ditu herritar guztiak.
Ekimen, ekitaldi, jarduera eta ospakizun asko hartzen ditu urte guztian zehar Gernika-Lumon kokatuta dagoen kulturarako fabrika sozialak; betiere, kulturagaz, sormenagaz edo gizarteagaz lotutakoak. Armak ekintza bilakatu dituzte arma fabrika zen horretan. Eta, 2005eko abenduan Gazte Asanbladako zenbait kidek eraikin hori okupatzeko erabakia hartu zutenez geroztik, ume, gazte zein helduen topagune bilakatu da.
Hala, hamar urte horietan Astraz gozatu dutenak, gozatzen ari direnak, gozatu nahiko dutenak zein gainontzeko herritarrak biltzeko deia egin du Astra Koordinadorak. Interesatuek Astran bertan izango dute zita irailaren 10ean, datorren eguenean, 19:30ean.