«Gure herrian ez da musikarik, dantzaldirik, txapelketarik, omenaldirik, azokarik ezta ikuskizunik faltako». Aingeru Astui Bermeoko kultura zinegotziaren berbak dira horiek, eta horretarako gaur hasi eta hilaren 16ra arte, «adin guztietako» herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko hamaika ekintza dituzte aukeran.

Izan ere, astelehen gauean Xixiliren agerraldiagaz hasiko dituzte ofizialki Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, baina gaur hasi eta asteburuan motorrak berotzeko tartea hartuko dute bermeotarrek.
Gaur, besteak beste, txosnek antolatuta, tortilla txapellketa eta kontzertua egongo dira.
Udaletxea konpontzen dabiltzanez, astelehenean 21:50ak aldera Taraskan dute hitzordua herritarrek. Ordu horretan agertuko da denen aurrean Xixili. Ostean, alkatearen agurra entzungo dute; gero, ikurrina jaso eta txupinazoa jaurtiko dute. Xabier Anparan bermeotarrak jasoko du aurten ikurrina. Bere kategorian Austrian egindako Munduko Ironman txapelketan bigarren postua lortu du Anparanek. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, «eredugarria» da Anparanek egin duena eta jaien hasiera protagonismoa eman gura diotela adierazi du.
Kultura zinegotziaren esanetan, «Bermeoko jaiek duten xarma bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezi eta parte hartzailea da, zalantza barik». Esaterako, Arrantzale Eguna topagune garrantzitsua da bizilagunentzat, eta goizetik gauera arte kalean egiten dute jaia, giro itzela sortuz.

Herritar ugari hurbildu ziren joan den barikuan hirugarren entsegura
Hilaren 10a indartzen
Egitarauan askotariko ekitaldiak bildu dituzte, baina egun guztietan ez da egoten parte hartze bera. Horregatik, jai batzordeak Andra Mari Hirugarren eguna indartzeko helburua izan du aurten.
«Jai batzordean pentsatu genuen hilaren 10a bultzatu behar zela», adierazi du Jose Luis Luzarraga jai batzordeko kideak.
Izan ere, Arrantzale Egunaren biharamuna izanda, jendea ez dela kalera irtetzen azaldu du. Ondorioz, giro ona egoteko zer edo zer egin behar zutela argi zeukaten.
Pare bat orduz kanta herrikoiak abestuko dituzte herritik zehar kalejiran elkartuta
Hala, hilaren 10ean,
Kanta Kanta Lorue ekimena egingo dute. Horixe da aurtengo egitarauaren berrikuntza nagusia.
«
Kanta kanta lorue Mikelek dakola lorue…», dio herriko kanta ezagun batek, eta hortik hartu dute ekitaldiarentzat izena.
20:00etan hasi eta 22:00ak aldera bitartean, kanta herrikoiak abestuko dituzte udalerritik barrena. «Herriari giro ona ematea da asmoa», zehaztu du Luzarragak. Halaber, helburua urtero egitea dela gaineratu du.
Errepertorio zabala prestatu dute; tartean daude
Bermioko portuan bezalako udalerriko kanta ezagunak, bai eta
Lau teilatu,
Aitormena, Xalbadorren heriotza eta antzeko abesti ospetsuak ere.
Gainera, kanta-paperekin joango dira, ibilbidean zehar egindako geldialdietan herritarrek kantak abesteko aukera izan dezaten.
Hiru talde osatzea da asmoa. Talde bakoitzak ibilbide jakin bat egingo du, leku zehatz batetik aterata; gero, talde horiek guztiak leku berean elkartzeko.
Hiru probasaio
Ekimena prestatzen ibili dira udan, eta hiru probasaio egin dituzte. Ekainetik abuztura elkartu dira, eta hilabete bakoitzean probasaio bat egin dute; azkena abuztuaren 28an.
Horietan udalerriko talde desberdinetako jendea bildu da: Urdaibai eskubaloi taldea, Sareginek, Euskaraz Berbetan eta Arrosapeko kideak. Horiekin batera, beste hainbat herritarrek hartuko dute parte. Izan ere, horixe da asmoa: ahalik-eta jende gehien batzea.
Probasaioen erantzunagaz pozik daude, jendea parte hartzera animatu delako. Ekainean egin zuten lehenengo entseguan 35 lagun inguru batu ziren; bigarrenean, ia 50, eta azken egunean ere, antzera. «Bigarren entseguan, esaterako, atzerritar batzuk animatu ziren gugaz abestera, kostatu arren saiatu ziren…», dio barrez Lazarragak.
Musikak, kirolak nahiz gastronomiak jaietako egun guztietan izango dute lekua. Esate baterako, datorren barikuan gustu guztietako musika emanaldiak egongo dira. Lameran, Urtz, Skaiketan eta Fat Fuckers taldeak izango dira entzungai, eta Kafe Antzokian, berriz, Gatillazo eta Zarpazo a Cicatriz. Gainera, gauean Bermeo eta Gernika arteko tren zerbitzu berezia ipiniko dute.
Santa Eufemia egunean, Xixili agurtzeko unea heldu arte jai giroan ondo pasatzeko gonbita egiten dute aurten ere Bermeoko jaiek. Kalean bizi dituzte jaiak bermeotarrek, eta kaleak bizitasunez beteko dituzte egunotan.