
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak aprobetxatuko ditu oraingoan maiatzean hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina abiarazi zuen herritar taldeak. Hala, egunotarako elkartasunezko tonbola eta zumba antolatu dituzte.
Elkartasunezko tombola irailaren 8an eta 9an egingo dute. Hegaluzek utzitako lokala aprobetxatuko dute Lameran, txartelak saltzeko. Hasiera batean 1.000 txartel egitea aurreikusi zuten, hala ere, 3.000 egin behar izan dituzte eta erdiak sarituak izango dira: “uste genuena baino opari gehiago lortu ditugu, eskertzekoa da herri honen elkartasuna”. Sari garrantzitsu asko egongo direla azaldu dute: Athleticeko kamiseta sinatuta, David Secok emandako kamiseta, hainbat musika taldek emandako maketak, altzairu dendek emandako gauzak, herritarrek emandakoak… Andra Mari egunean, 11:00etan irekiko dituzte ateak eta euro baten truke erosi ahalko dira txartelak.
Ekimen horren bitartez lortutako dirua Aspanovas, Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartera, zuzenduko dute.
Bestalde, hilaren 19rako, zapaturako, elkartasunezko zumba antolatu dute. 12:00etatik 13:00etara izango da, Lameran. Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimena da eta 3 euro ordaindu beharko dira. Zumba praktitzeko aukera izateaz gain, MB 2000ren eskutik, umeentzako jarduerak ere izango dira. Zumbarako bozgorailuak, berriz, Nuntxaku elkarteak utziko dizkie. Honetatik ateratako dirua, aldiz, Fundacion Josep Carreras, leuzemia sendatzeko ikerketa egiten duen elkartearentzat izango da.
Jarduera horiek guztiak aprobetxatu gura dituzte hezur-muinaren emaile izateari buruzko informazio zabaltzen jarraitzeko. Jakinarazi dutenez, maiatzean kanpaina abiarazi zutenetik, 51 bermeotar hezur-muin emaile berri egin dira. “Izugarri pozik” daude kanpainak duen erantzunarekin.
“Bizitzak salba daitezkeela eta” hezur-muinaren emaile izatearen garrantzia nabarmendu gura izan dute beste behin ere. Horretarako, erraztasunak ematea “ezinbestekoa” dela uste dute, horregatik odola emateko autobusetan emaile izateko aukera eskaintzea ona litzatekeela diote, eta “lanean ari dira”. Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko sinadurak batzen dabiltza,egun arte 744 sinadura dituzte.