
Arbasoen sorlekuan, Santimamiñeko kobazuloetatik gertu sortu zuen Agustin Ibarrola artistak bere obrarik ezagunenetakoa. Baso batean sartu, hango arbolak margotu, eta
Omako baso margotua sortu zuen. Bere sormen artistikoa naturarekin uztartzea zuen helburu Ibarrolak, eta basoko pinuetako enborretan islatu zuen bere artea. 1983. urtean hasi zen Omako baso hartan lanean, eta 1991ean amaitu zuen obra.
Land Art joera artistikoari jarraituz sortu zuen artista basauriar horrek gaur egun Urdaibaiko Biosfera Erreserban gehien bisitatzen diren lekuetako bat dena. Lezika jatetxearen ondotik hasten den bideari jarraituta hasiko du bisitariak Omako baso margotura eramango duen paseotxoa. Seinaleei segika, legarrezko bide batek eramango du mendian gora, pinu artean. Ordu erdiko ibilaldiaren ostean ikusiko du baso margoturako sarrera. Hegoaldetik sartu, eta iparraldetik ateratzea da ohikoena. Bitartean, baina, baso barruan egonik, nork bere ibilbidea aukeratu dezake, eta bisitariaren esku geratuko da basoko pinu margotuak zein hurrenkeratan ikusi.
Begirada beste figura
Pinuak sakonera eta maila ezberdinetan daude; horietan, irudi geometrikoak, giza irudiak eta animalienak ikus daitezke. Margoetako batzuk, izan ere, leku jakin batzuetatik bakarrik ikus daitezke, eta lekuotan enborren irudiek irudi bakarra eratzen dute.
Beraz, esan daiteke bisitari bakoitzak bere obra osatzen duela, ikuspegi ezberdinekin jokatuz, bidezidor batetik edo bestetik dabilela, edo norabide ezberdinetara begira jartzen dela.
Hala, zuhaitzak dira Omako basoan Ibarrolaren artearen euskarria, eta baso osoa arte galeria bilakatu daiteke bisitariaren begietara. Leku zabalean dagoen areto horretan figurak sortuz doaz, eratuz, ikuslearen begietara. Arbola batek bere enborrean daraman margoak zentzua izan dezake bere hartan; batzuetan, baina, zuhaitz horri multzoa bilatu behar zaio, zuhaitz talde horrek sortzen duen artelanarekin gozatzeko. Irudiak sortuz doaz basoan barrena joan ahala, eta zuhaitzek zentzua hartzen dute pauso eta begirada bakoitzean.
Basoa toki magikoa da, irudiak agertu eta desagertu egiten diren lekua, turistak behin eta berriroharrituko dituen lekua, zuhaitzek hitz egin eta bilaketaren jolas liluragarrira bultzatzen dutena, bisitarien galderen esperoan, bere erantzunak erakusteko.
Izan ere, basoak Ibarrolak margotutakoak baino irudi gehiago ezkutatzen ditu. Behatzen dituzten pertsonak bezainbeste figura, interpretatzea une bakoitzean norberaren barne-barnetik ateratzen den gauza da.
Baina Ibarrolak erakutsi gura izan duena ikusi ahal izateko, leku jakin batzuetan kokatu behar du bisitariak. Horretarako, lagungarri izan daiteke Bizkaiko Foru Aldundiak Omako baso margotua ikusteko egindako mapa. Turismo bulegoetan dago.
Mapa horretan, behaketa puntuak identifikatuta edukiko ditu erabiltzaileak, eta puntu bakoitzetik zer ikus daitekeen azalduta. Guztira, 47 behaketa leku daude.
Musukatzeko gonbidapena egiten du basora sartuta bisitariek aurkituko duten lehenengo behaketa puntuak. Hala, maitasuna erakusteko modu soil eta garbienarekin egiten dio ongietorri. Lekuz aldatuta, basoko totemek nola elkar musukatzen duten ikus daiteke, eta musu ematera gonbidatzen dute.
47 leku, 47 berezitasun
47 lekuetatik bakoitzak, beraz, badu bere berezitasuna. Hamazazpigarrenak, esaterako,
Begi handia du izena. Santimamiñeko koba ikus daiteke basoko leku horretatik; eta euskaldunen arbasoei aipamen egin zien Ibarrolak zuhaitz haietan margotutako begi handi horiekin.
Besteak beste, tximista, ostadarra, erraldoi gorria, arrosaz jantzitako neskatila, sorginaren umeak, haitzuloetako sua, negatiboa eta positiboa hainbat modutan irudikatu zituen Ibarrolak Omako pinudien baso hartan.
Enbor batean margotutako marra zuzen bertikal eta horizontalek agurtuko dute basoan barrena egindako bisita. Goialdera itzuliko dira gero ibiltariak, handik hasiko baitute gertuko Omako haranera jaisteko aukera emango dien ibilaldia, Ibarrolaren baserria dagoen lekura, hain zuzen ere.
Basaurin sortutakoa den eta Omako basoa margotu zuen artistak bere kabuz eman zituen lehen zertzeladak artearen munduan. Autodidakta izan zen hastapenetan, baina Madrilera jo zuen 1948an, beka bat lortuta. Kubismoa eta konstruktibismoa ezagutu zituen han, eta arte mugimendu horietan bere lehen pausoak ere Madrilen eman zituen, Jorge Oteitza artista gipuzkoarrarekin batera. Arte tradizionalarekin apurtzea zuten helburu bi mugimendu horiek, eta euskal artisten arreta bereganatu zuten. Arte tradizionaletik aldentzen da, halaber, Kortezubiko Oma basoaren oinarria,
Land Art joera artistikoa.
Bisita gidatuak
Naturan txertatutako artelan hori ikusteko aukera urte osoan dago, sarrera librea eta doakoa baita. Hala ere, uda sasoian bisita gidatuak antolatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta asteburu honetan egingo ditu azkenak. Ostiralean, larunbatean eta igandean, beraz, Omako baso margotua gida baten azalpenekin ezagutzeko aukera izango du gura duenak. Goizean eta arratsaldean egin daitezke bisita gidatuak, egun horietako bakoitzean. 12:00etan izango da lehena, eta 17:00etan bigarrena. Azalpenak euskaraz zein gaztelaniaz jasotzea aukeratu dezake bisitariak.
Bisitak egiteko, baina, aldez aurretik erreserba egitea gomendatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako,
santimamine@bizkaia.eus helbidera idatzi edo 944- 651 657 telefono zenbakira deitu behar da. Bisita bakoitzaren prezioa 3 euro da —langabe, erretiratu eta urritasunen bat dutenentzat, euro bat—.