Jai eremuan oinezkoei lehentasuna eman asmoz, Artzatik portura joateko errepidea itxita dago. Gernikaranzko Bizkaibusaren geralekua Santamañera lekualdatu dute

Ibarrolaza alkateordea eta Bideguren alkatea, atzoko agerraldian
Herritarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaietaz «bete-betean» goza dezaten, Bermeoko Udalak, urtero egin modura, aldaketak egin behar izan ditu zenbait zerbitzutan. Besteren artean, trafikoan eta sastar batze zerbitzuan egingo dituzte aldaketak.
Jai eremuan oinezkoei lehentasuna eman gura diete. Horregatik, Artzatik Portura joateko errepidea irailaren 20ra arte autoentzat itxita dago. Zama lanak egin ahalko dira egunero 08:00etatik 12:00etara. Alde Zaharrean, bestalde, Arostegi kaletik liburutegira doan kalea zarratu egingo dute jai egunetan. Beraz, Intxausti kaletik izango du sarrera eta Nardiz tar Jonetik irteera.
Bizkaibusaren geralekua ere aldatu egin dute irailaren 20ra arte. Ordura arte Santamañe kalean izango du geralekua Bilbora Gernika-Lumotik doan Bizkaibusak eta Zubiaur Tar Kepa kalean, berriz, Sollubetik Bilbora eta Bakiora doazen autobusak. Bermibusak, aldiz, Lamerako ohiko geralekua mantenduko du. Taxien kasuan, liburutegiaren ondoan egon ordez, Kasinoaren ondoan egongo dira datozen egunetan.
Autoa «ahalik eta gutxien» erabiltzea gomendatu badute ere, zenbait aparkaleku ahalbidetuko dituzte: Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko industriagunean eta Matxikorta kaian. Gainera, udal azokako aparkalekuaren ordutegia zabalagoa izango dela jakinarazi du Benito Ibarrolaza alkateordeak. Hala, 22:00ak arte zabalik izango da irailaren 8a, 9a, 12a, 16a eta 19a izan ezik, horietan, 00:00ak arte izango baita.
Gaurtik aurrera barrakak
Jaiak astelehenean hasten badira ere, gaur bertan martxan izango dira barrakak, hilaren 16ra arte. Umeentzako atrakzioak 2,10 euro ordaindu beharko direla azaldu dute, nagusienak, aldiz, 2,50 euro. Egun herrikoiak, berriz, gaur eta irailaren 10a izango dira, horietan 1,30 euro ordainduko da bidaia.
Txosnak ere gaurtik aurrera martxan izango dira, Artzako kaiaren parean. Hori bai, 13ra arte baino ez dira egongo. Saltzaile ibiltariak, berriz, Kofradi Zaharraren aurrean izango dute kokagunea.
Bestalde, herria garbi mantentzea «guztien erronka» dela gogorarazi zuen atzoko agerraldian Ibarrolazak, eta udalak ahalegin berezia egingo duela esan zuen. Garbiketa zerbitzuak irailaren 20ra arte indartu egingo dituzte; ureztatzeko eta desinfetatzeko kamioi bat gehiago ibiliko da jai egunetan eta zerbitzuetako langile gehiago ere ibiliko dira lanean. Edukiontziak erabiltzeko deia ere egin dute, batez ere, botilak beiraren edukiontzietara botatzeko eskatu dute.
Sastar batze zerbitzuan ere aldaketak egongo dira datozen egunetan; irailaren 7tik 16ra, 14:00etatik aurrera eskainiko da zerbitzua eta 9an ez da sastar batzerik egongo.
Talko hautsik ez
Zenbait abisu emateko tartea ere hartu zuen Ibarrolazak atzoko agerraldian. Besteren artean, arrantzale egunean, ohitura den arren, talko hautsak ez erabiltzeko eskaera egin zuen: «kaleek laban egiten dute eta hainbat herritar jausi egiten dira. Gainera, osasun arriskuak sorrarazten ditu». Era berean, talko hautsak garbitzea «oso zaila» dela gogorarazi du, «ureztatuta ere, hainbat egun igaro behar dira guztiz garbitzeko».
Herritarrei eskatu die kalteren bat ikusten badute, edo abisuren bat eman gura badute, 010 eta 092 telefono zenbakietara deitzeko.