Gernika-Lumoko udalbatza, Lumon
Udal aurrekontuak egiteko prozesurik ez dela eman kritikatu du EH Bilduk, eta udal gobernuak diseinatu duen aurrekontuari kritikak egin dizkio. Dioenez, “ez da inolako esfortzurik egin herritarren parte hartzea bilatzeko”. Gobernuan dagoen alderdiaren programak parte hartze eta gardentasun printzipioak jaso zituela gogoratu du EH Bilduk, “baina gero ez dituzte gauzatu; izan ere, parte hartzerako partida desagertu egin da”.
Udal gobernuak abuztuaren 11n aurkeztu zizkion aurrekontuak oposizioari, eta jaietako bezperan egin zuten Ogasun Batzordea, EH Bilduk azaldu duenez. Hala ere, salatu du osteko batzordeetan ere ez dutela aurrekontuak jaso dituen proiektuekiko inolako azalpenik eman, ezta koalizioaren proposamenak argudiatzeko aukerarik ere.
Bestalde, Euzko Abertzaleak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak sortutako udal gobernuaren zenbait jarduera ere salatu ditu oposizioak. “Inolako azalpenik gabe, diru laguntzak eman dizkiote kirol talde bati; dagokion prozedura jarraitu gabe eta ez dagokion partidatik”. Halaber, diote herritarren eskaerak ez dituztela kontuan hartu; “bidegorrirako edo Pasealekurako inolako aaurrekonturik ez dago”. Santa Luziak auzokoek eskatutako egoitza eta kirol instalazioak egiteko dirurik ere ez dutela gorde esan du Eh Bilduk. “Parke bat egitea aurreikusi dute, eta, proiektua bukatuta ez dagoen arren, 600.000 euroko gastua aurreikusi dute”.
Umeentzako Gargantua bat erosteko 80.000 euroko partida gorde izana ere salatu dute. “Gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan hartuta, gastu hori ez da beharrezkoa”. Diru horretatik parte hartze partidaarako 15.000 euro gordetzea eta umeen jolas lekuak konpontzeko eta estaltzeko 65.000 euro bermatzea proposatu du EH Bilduk. “Lehen aldia da aipatu partida hori zero euroan dagoela”. Era berean, Santa Luzia auzoko bizilagunekin hitz egiteko eta haien beharrizan eta eskarengatik arduratzeko eskatu dute.
Kaleak konpontzeko partida 900.000 eurokoa dela esan du EH Bilduk; eta, diru hori, besteak beste, Pasealekuko plaza konpontzeko eta bidegorria luzatzeko erabili daitekeela esan du.