Bigarren eskuko produktuak salerosteko agertoki aparta izan zen Mundaka joan den zapatuan. Hamabost salmahai baino gehiagotan banatuta, hainbat izan ziren beraien produktuak saltzeko aukera aprobetxatu zutenak.
10:00etan hasita jarri zituzten saltzeko zituztenak udaletxe aurreko plazan zapatuan. Eguraldia lagun izan zuten goizean goiz hasita, eta horrek Mundakako eta inguruko herrietako jendea bertaratzea lagundu zuen. Bertako saltzaileek jakinarazi zutenez, 20:00etara arte izan zuten bertan jarritakoak saltzeko aukera.
Beste herrietan egiten diren bigarren eskuko produktuen azoketan legez, Mundakan ere, edonolako produktuak izan zituzten erosgai herritarrek; erropetatik hasi eta liburu, disko, bitxi, oinetako, jostailu, joko eta apaingarrietara iritsi arte, besteak beste.
Produktu horiek ikusten zein erosten, gainera, adin eta gustu guztietako herritarrak izan ziren; neska eta mutil, ume, gazte zein heldu.