Kultura diputatua eta Juan Jose Cepeda nekropoli erromatarrean. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bermeo eta Busturia artean, Sollubeko mendi hegaletan eta 500 metroko garaieran kokatuta dago Tribisburuko arkeologia aztarnategia. K.o. I eta III. mendeen arteko errauste-nekropoli erromatarra da, hain zuzen ere. Bere ezaugarriengatik, gainera, bakarra da Bizkaian. 1994. urtean aurkitu zituzten aipatu aztarnategian lehenengo aztarnak. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Kulturalaren zerbitzuak 2013. urtean sartu zuen Tribisburu bere ikerketa proiektuen artean.
2013. urtetik egun arte, Foru Aldundiko ondare arloko teknikariak eta arkeologoen lan talde bat hondatze eta sendotze lanak egiten ibili izan dira, aztarnategian dagoena «kontserbatu eta erakusteko» asmoz. Esku hartu duten nekropoliaren guneko lanak amaitu ostean, joan den astean Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok Tribisburuko arkeologia aztarnategia bisitatu zuen. Juan Jose Cepedaren laguntza izan zuen Bilbaok bisitan, bera baita aztarnategiaren sendotze lanak zuzendu dituen arkeologoa.
Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak Tribisburuko multzo arkeologikoaren inguruetan seinaleak eta informazio mahaiak jarriko ditu. Era berean, Urdaibain bisita daitezkeen ibilbide arkeologikoen barruan ere sartuko dutela adierazi du kultura diputatuak. Hala, urtebete barru tokia egokituta izango dela uste du Bilbaok eta 2016ko udan bisita gidatuak egiteko prest egongo dela aurreikusten dute.
Tribisburuko errauste-nekropoli erromatarra. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia