Lehenengoz egin dute mendi martxa Gorozikan
Lehenengoz antolatu dute Gorozikan (Muxika) mendi martxa, eta balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. “Mendi martxa ondo joan zen, jendeak gustura egin zuen ibilbidea; gainera, egun polita atera zen”, esan dute Gorosti Kultur Elkarteko kideek.
Ibilbide laburra eta luzea izan zuten parte hartzaileek aukeran. 17 kilometro izan zituen luzeak, eta 115 lagunek egin zuten. 8 kilometrokoa izan zen ibilbide laburra, eta 15 izan ziren berau egin zuten mendizaleak.
Muxikako jendea ez ezik, Gernikatik, Gernika inguruetatik eta Lea-Artibaitik heldutako parte hartzaileak batu ziren Gorozikan. Hori dela eta, pozik dira Gorozika kultur elkartekoak.