Hutsik egin gabe, Izaro uhartearen jabetza aldarrikatu du Bermeok Madalen Egunean. Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak esan ostean, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazi du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek Santa Eufemia elizako teila bat uretara bota ondoren.
Teila hondoratu aurretik, urtero egin modura, Bermeoko bandera eta ikurrina jaso dituzte Izaro uhartean. Xabi Ortuzarrek (Guzan) eta Aritz Abaroak (EAJ) hartu dute horren ardura, Herri Babesako kide baten laguntzagaz.
Aldarrikapen eguna da Madalen Eguna, baina jai giroa galdu barik egiten dute. Hala, beste behin ere, herritarrek eta udal eta erakundeetako ordezkariek bat egin zuten. Bermeoko alkatearekin batera, besteren artean, udaleko zinegotziek, Mundakako alkateak, Elantxobeko udal ordezkariak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Josu Unanue Bizkaiko batzarkideak egin dute bat jai egunagaz. 15 herritarrek ere ontzi ofizialean joateko aukera izan dute, ohitura zaharra hurbiletik bizitzeko aukera izanik.
Ohikoa baino ontzi gutxiago
Azken urteetan ez bezala, eguraldia ez dute lagun izan gaur, euria izan dute bidelagun eta itsasoa ere ez da bare egon. Bermeotik ateratako itsas prozesioan ohikoa baino ontzi gutxiagok ere parte hartu dute goizeon.
Itsas behera zegoela-eta, Elantxobeko olatu horma inguruan zain zegoen aurten, Jesus Maria Olagibel (EAJ) Elantxobeko alkatea, Koldo Olagibeli (EH Bildu) lekukoa hartuta. Harek ordu batzuetarako eman dio Bidegureni herriko makila. Kalejiran Elantxobeko plazara abiatuta, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketak egin dituzte.
18:00etan aterako dira Elantxobetik eta Mundakan egingo dute geldialdia Bermeora iritsi orduko.
Herritar ugari zain izango dira ondoren Bermeoko portuan, festarekin jarraitu guran. Itsas jaia amaituta, lehorrean jarraituko dituzte ospakizunak, aurten, lehenengoz, Taraska plazan.
www.flickr.com/photos/130171604@N05/sets/
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.