Zapatu eguerdian Jose Luis Otamendik Portusolon egindako errezitaldia.
Posia ezin da kabitu izan da aurtengo Poesi Egunen leloa, eta Herrijeri Emon Arnasa kultura taldeko kideen berbetan, “harrotasunez kabitu ezinik” daude: “Eskerrik asko guztiei, sortu dutena, eman digutena hemen geratu da. Oraindik poesiaz, hitzaz, berbaz, alaitasunez, gizatasunez…. mozkorturik gaude. Pozarren gaude; ezin kabiturik”.
Parte hartze aldetik “ikaragarri hasi” direla nabarmendu dute. Asteburuan “jendetza” bildu da Ean, “inoiz baino gehiago” eta oso pozik daude. Zentzu horretan “pauso bat gehiago” eman dutela uste dute: “Ez genuen pentsatzen hainbesterainoko oihartzuna geneukanik”. Horretan sare sozialen eragina egon dela uste dute, Twitter bitartez zabaldu baitute.
Asun Landa Herrijeri Emon Arnasako kideak azaldu duenez, Euskal Herri osotik joan da jendea Eara: “Oso jende interesgarria, oso jende jatorra etorri da, bai humanoki eta baita intelektualki ere. Eskerrak eman nahi dizkiegu bertara etorri diren sortzaileei eta publikoari aberastu egin dutelako gure topaketa, eta euren hitzekin, kalerik kale, milaka berbaz…bete dutelako gure herria”.
Proposamen berriak
Herri-bazkariak ere “gainezka” egon direla azpimarratu du Landak: “Eta aukera eman dute harreman eta ideia berriak sortzeko. Proposamen berriak ere jaso ditugu dagoeneko”.
Hasierako balorazioa egin dute, baina, aurrerantzean balorazio “sakonagoa” egingo dute, autokritika eginez, hobetu beharrekoak hobetzeko. Esaterako, ekitaldien denborak neurtzearen beharra, eta azpiegitura aldetik herri bezala dituzten “hutsuneak” nabaritu dituzte: “Herri txikia gara eta ez dago azpiegitura sendorik, leku txikiak dira”.
Hiru egunetako ekitaldien maila edota kalitatea “altua” izan da. Horren adibide ipini ditu Landak hitzaldiak. “Hirurak izan dira saiakera ederrak, eta eskerrak hiru emakumeei, Alaitz Aizpuru, Mailen Lujanbio eta Miren Agur Meaberi”.
Eskolondon egin zuten Kafkaren aulkia ikuskizunaren une bat.
Lehen hitzaldian, Aizpuruk Joxe Azurmendiren obran eta irudian sakontzeko aukera eman zien bertaratutakoei. Larunbatean Maialen Lujanbio bertsolaritzaren eta poesiaren arteko zubiez ari zela ere jendez lepo zegoen Eskolondo. “Berbak berba dakar eta uste dugu berba ekarriko dutela Lujanbiok esandakoek”. Bertsolaritzaren eta poesiaren ezaugarriak azaldu zituen, bai bata eta bai bestea nola hurbiltzen eta nola bizi diren.
Meaberena ere “hunkigarria eta eder-ederra” izan zela esan du Landak. Hark bere kointzidentziak,eta nola hurbildu zen Arestirengana kontatu zuen: “Kointzidentzia horiek modu oso poetikoan, bere prosa poetiko ederraren bitartez, eta saiakera sakona eginez azaldu zituen”.
Bestalde, gonbidatu “kuttuna” izan zuten domekako errezitaldian: Joan Mari Irigoien. “Opari ederra izan zen guretzat. Ainhoa Alberdik irakurri zituen bere poemak, oso modu ederrean, hunkigarrian, maitasun handiz”. Omenaldi apala bezain hunkigarria jaso zuen; jendeak zutik txalo zaparrada eskaini zion.
Apustu ‘berritzaileak’
Aurten inoiz baino gazte jende gehiago elkartu da Poesia Egunetan, eta antolatzaileen ustez, horrek adierazten du apustu “berritzaileak” egin behar direla eta esperimentaziorako joera ere baduela poesia topaketak.
ITU bandaren
Ituskizuna ikaragarri esperimentala, berritzailea, eta poetikoa bezala definitu du Landak. Teknologia berriez baliaturik eta ausardiaz zeresana badutela erakutsi zuten haien muntaian. Munduko literatura ezagutzen dutela erakutsi zuten; hainbat aipamen literariogaz zeintzuk diren bertako eta baita kanpoko erreferenteak azaldu zituzten.
Bestetik, Anariren kontzertuan jarraitzaile “pila” batu zenzapatu gauean: “Bere aurrekari penalak gureak bihurtu ziren”.
Eta asteburuko azken ekitaldian,
#Erractus-en, umore handiz gizarte migosimoari kritika egin zieten Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Kattalin Minerrek. “Barre itzelak sortaraziz, egi handiak esan zituzten. Emakumeen gorputzaren presentzia, ikusezintasunaren aurka… Feministak hirurak, gaurkoak, erradikalak, eskertzen diegu erradikaltasun hori behar dugulako aurrera egiteko”, zehaztu du Landak.
Zapatu arratsaldean ITU bandak Ituskizuna emanaldia eskaini zuen Bedarona auzoan.