Alarabi erreta, amaitu dira jaiak
Ekimenez betetako asteburua izan dute markina-xemeindarrek. Eguraldia lagun, herri bazkaria jendetsua izan da, eta Herritxoua arrakasta biribilaSu, ke eta txinparta artean amaitu dituzte jaiak markina-xemeindarrek. Lekeitioko Deabruen ikuskizuna izan z...
Ekimenez betetako asteburua izan dute markina-xemeindarrek. Eguraldia lagun, herri bazkaria jendetsua izan da, eta Herritxoua arrakasta biribila
Su, ke eta txinparta artean amaitu dituzte jaiak markina-xemeindarrek. Lekeitioko Deabruen ikuskizuna izan zen jaietako azkena. Sua, gozamena, nahasmendua, dantza eta musika ekarri zituen Decadence eskuadroiak Markina-Xemein birusetik libratu eta berriro ere dantzan jartzeko. Zelaian hasi eta alde zaharretik ibili zen su kalejira zirarragarria, herritarrak atzetik zituela.Deabruen suak amatatu zirenean, Alarabiri agur esateko ordua ailegatu zen. Mozarten Requiem-aren doinuagaz, Zelaiaren erdira lagundu zioten herri- tarrek azken agurra emateko. Jaietako pertsonaia nagusia erreta, datorren urtera arte agurtu dituzte karmenak, penagaz baina bai eta nekatuta ere. Izan ere, ekimenez betetako asteburua izan dute aurretik.
Eguzkipean
Eguraldiari begira ibili eta gero, herri bazkaria egiteko erabakia hartu zuten barikuan. Asmatu egin zuten, berriz ere, arrakasta handiagaz ospatu da-eta Karmen jaietako ekimenik jendetsuena, eta eguzki berotan, gainera.
Zapatuan goiz-goizetik lekua hartzera agertu ziren herritarrak Zelaira, janaria non prestatu edukitzeko. Horrela, goizak aurrera egin ahala, Zelaiaren ingurua, mahai, aulki, paellera, kazola eta abarrez bete zen. Asko izan ziren muntaiara laguntzera joan ziren herritarrak, eta, beraz, berehala prestatu zuten guztia. Eguerdian, janari usaina zabalduta zegoen, eta kuadrilla denak zeuden bertan.
Bazkalostean hasi zen Herritxoua. Hamasei parte hartzaile egon dira aurten, Oskarrek eta Tonik (Luis Egurrolak eta Eneko Arratek) gidatutako Brodway-ko ikuskizunean: Laura Chica, Olgetaneko Alaurake taldekoak, Nik ze dakit ba kuadrilla, Iban Mendizabal, Asier Etxeandia, Zoro kuadrilla, Teki-Teki, dantza modernoko ikasleak Ianire De Andres irakasleagaz, Aerobik txiki taldekoak, Ladies, Mamadu, Aliu eta Luis hirukoa, Kaprimotxo, Mari Karmen Balentziaga eta laguntzaileak eta Iñigo Martinez. Tartean egin zen, bai eta Amaiur Elkarteak proposatutako mosaikoa ere, eta Zelaia laranjaz jantzi zen Txokoa «libre» uztea eskatzeko.
Agurra
Dantzan amaitu zen zapatua kontzertuekin Zelaian, eta kantuan hasi zen domekan, Bentazaharreko Mutiko Alaiekin. Arkupean hasita, alde zaharrean zehar ibili ziren mutiko alaiak eta herritarrak kantu kalejiran. Talde handia batu zen abesteko gogoz, giro ederrean.
Jokoak hartu zuen plazabarripea, gero, arratsaldean. Mus eta briska txapelketak jokatu ziren Beti Jai erretiratuen elkartekoen eskutik. 42 bikotek jardun zuten musean, eta 33 bikotek briskan.
Briskako txapelak Aulestira joan ziren. Gema Mendieta eta Antoni Zelaia izan ziren irabazleak. Museko sari nagusia, bestalde, herritar bik eraman zuten: Pello Irustak eta Jabier Pagoagak.
Jaietako azken egunean jokatu zen Karmen Sariaren finala, Unin. Aimar Aldazabal berriatuarra eta Jonathan Etxebarrieta Etxeba markina-xemeindarra alde batetik, eta Iker Foronda gasteiztarra eta Jon Zabala markina-xemeindarra bestetik. Partida nahikoa parekatua joan zen erdira arte. Baina, ordutik aurrera, Aimarrek bere doain guztiak erakutsi eta partiduan agintzea lortu zuen. Etxeba ere ondo aritu zen, eta, beraz, ez zuten aurkaririk izan. 35 eta 21 irabazi zuten Aimarrek eta Etxebak.