Urdaibaikoak Orioko estropadan.
Hondarribiak bere nagusitasuna erakusten jarraitu du asteburuko bi estropadetan, biak irabazi baititu.
Hala, denboraldiko seigarren eta zazpigarren jardunaldien ostean, 81 puntu ditu Hondarribia liderrak. Urdaibaik bigarren postuari eusten dio, 69 puntugaz, eta Orio hirugarrenak 58 puntu ditu. Tiran da laugarrena, 55 puntugaz.
Atzo, Portugaleteko estropada 19 minutu, 32 segundo eta 32 ehunenetan egin zuten hondarribiarrek. Urdaibai hiru segundu gehiagogaz zigortu zuten, matxura baten ondorioz irteera baliogabea egin zuelako, eta ondorioz, ohorezko txanda atzeratu zelako.
Ondorioz, Ama Guadalupekoak 9 segundo eta 74 ahuneneko aldea atera zion Bou Bizkaiari. Bestalde, San Juanek eta San Pedrok hirugarren eta laugarren egin zuten, hurrenez hurren.
Bestalde, herenegungo Orioko estropadan, Hondarribia, Kaiku eta Orioren atzetik sailkatu ziren bermeotarrak. 19 minutu, 15 segundo eta 88 ehunen izan zen irabazleak egindako denbora. Kaikuri hiru segundo pasatxoko errenta atera zion, eta Oriori, berriz, 5 segundo eta 24 ehunenekoa. Urdaibaik, 19 minutu, 24 segundo eta 68 ehunen behar izan zituen estropada amaitzeko.
KAE 1ean, Donostiarra eta Deusto garaile
Asteburuan bi estropada jokatu dituzte KAE 1ean ere, eta Getariak jarraitzen du sailkapenean lehenengo, 76 puntugaz. 69 punturekin bigarrena da Ondarroa, eta Zumaia hirugarrenak 64 puntu ditu.
Deusto laugarrenak 62 puntu ditu, eta
Lekittara bosgarrenak 61 puntu eskuratu ditu orain arte. Bestalde, Elantxobek hamaikagarren segitzen du, 15 puntugaz. Santoña da sailkapenean azkena, 7 puntugaz.
Atzo Donostiarrarentzat izan zen Orioko Bixigu Eguna Ikurriña. Haren atzetik, Getariak eta Zumaiak egin zuten, eta Ondarroak, eta Lekittarrak laugarren eta bosgarren amaitu zuten estropada, hurrenez hurren. Elantxobek, ostera, hamaikagarren amaitu zuen Orion.
Bestalde, heregun, Pedreñan (Kantabria, Espainia) lehiatu zuten seigarren jardunaldia, eta Deusto nagusitu zen Marina de Cudeyo banderan. 20 minutu, 29 segundo eta 58 ehuneneko denbora egin zuen irabazleak.
Orion bezala, Kantabrian ere elkarren atzetik sailkatu ziren Ondarroa eta Isuntza. Ondarroak estropadako bigarren denborarik onena egin zuen: 20 minutu, 32 segundo eta 71 ehunen. Eta lekeitiarrek, 20 minutu, 38 segundo eta 85 ehuneneko denborarekin hirugarren egin zuten. Getaria liderra izan zen laugarrena Pedreñako uretan.
Bestalde, Elantxobek hamaikagarren egin zuen, estropada 21 minutu, 49 segundo eta 31 ehunenean amaituta.
KAE 2an Castro lidergoari eusten
Bestalde, KAE 2an, Errenterian (Gipuzkoa) eta Plentzian lehiatu dituzte laugarren eta bosgarren jardunaldiak, eta Castrok liderra izaten jarraitzen du, 67 puntugaz.
Bi puntuko aldea du Hondarribia bigarrenagaz, eta Sanpedrotarra da hirugarrena, 59 puntugaz. Mundakak 37 puntu lortu ditu orain arte, eta zortzigarrena da sailkapenean. Bermeoko arraun taldea, berriz, 20 puntugaz hamaikagarrena da.
Atzo banakako erlojupekoa lehiatu zuten Errenterian, eta Castrok irabazi zuen, 20 minutu, 38 segundo eta 74 ehuneneko denboragaz. Haren atzetik sailkatu ziren Sanpedrotarra, Hondarribia eta Arkote.
Mundakak, 21 minutu, 36 segundo eta 19 ehuneneko denboran egin zuen erlojupekoa, eta bederatzigarren sailkatu zen. Hamabigarren sailkatu zen Bermeo, 22 minutu, 16 segundo eta 14 ehuneneko denboragaz.
Bestalde, herenegun Hondarribia nagusitu zen Plentzian, 21 minutu, 8 segundo eta 96 ehuneneko denbora eginda. Haren ostean, Hibaika, Castro eta Sanpedrotarra izan ziren azkarrenak. Mundakak seigarren egin zuen, estropada, 21 minutu, 55 segundo eta 90 ehunenetan amaituta. Bermeo, berriz, hamaikagarren sailkatu zen, 22 minutu, 40 segundo eta 37 ehuneneko denboragaz.