Aktoreak Lameratik
Spookypheria Productions elkarteko kideak «ezin pozago» daude, 2004. urtetik ez baitzuten aretoa beteta ikusten. Bertaratutakoak, gainera, adin guztietakoak izan ziren, «betiko jendea mantendu egiten dugu urtero, baina aurpegi berri asko ere ikusi genituen barikuan», diote.
Terrorearekin, gorearekin, suspensearekin eta umore onarekin gozatzeko aukera eskaintzen du Gorefest jaialdiak. Aurtengo edizioa postapokalipsian girotuta egon da, eta herrian giro hori sortu guran, aktoreak atera zituzten kalera, inoiz baino aktore gehiago, gainera. Ordu eta erdi inguruan ibili ziren Lameratik, eta umeen eta gazteen arreta pizteaz gain, nagusi askorengan ere ikusmina sortu zuten.
Umeak makillatzen
Aurten, lehenengoz, gainera, umeak makillatzeko mahai bat jarri zuten Nestor Basterretxea aretoaren kanpoaldean. Bertaratutako ume eta gazteak tribuetako kide bihurtu zituzten.
ktoreek Lameran egindako lanaren ostean, berriz, Nestor Basterretxea aretora sartu ziren. Lehenik eta behin, munduko leku desberdinetatik iritsitako bederatzi film labur ikusi ahal izan zituzten. Ondoren, Choose Your Own Adventure film luzeen maratoiari ekin zioten. 04:30etan amaitu zuten aurtengo jaialdia, eta amaierara arte egon ziren «txapeldun batzuk» daudela diote antolatzaileek.
Antolaketa lanetako azken hilabete eta erdia «oso gogorra» izan bada ere, «merezi izan» duela azaldu dute.
Gorefest jaialdiagaz amaituta, Spookypheria Productions elkartea lanean ari da jada, urriaren 31n, zapatuan, Bermeoko Kafe Antzokian izango den Halloween Metal Fest jaialdia «ahalik eta erakargarriena» egin asmoz.