Iratxe Ortiz de Pinedo Zierbeneko patroia/ARP
Iratxe Ortiz de Pinedo (Elantxobe, 1991). KAE2 Ligan lehen denboraldia du, eta mutilen trainerua gidatzen du berak. Elantxoben hasi eta, Isuntza, Portugalete, Arkote eta Zierbena ezagutu ostean, Lutxanan amaitu du elantxobetarrak. Patroi hasi zen arraunean, eta patroi jarraitzen du.
Nola amaitu duzu gizonezkoen ligan traineru bat gidatzen?
Bi denboraldi egin nituen Bizkaian, nesken kategorian. Baina Bizkaiko emakumezkoen trainerurik ez da aurten, eta Lutxanako klubak berak proposatu zuen gizonezkoen patroia neska bat izatearena. Hasiera batean esan nien ez nuela denboraldi osoa egin nahi, uda sasoian denbora asko kentzen duelako. Baina Lutxanakoek zuten patroia Alemaniara joan zen Liga hasieran; beraz, mesedea eskatu zidaten eta baiezkoa eman nien.
Zer nolako esperientzia da?
Desberdina da gizeonezkoen traineru batean joatea. Esfortzu aldetik, indar gehiago eskatzen du beraien trainerua gidatzeak. Errekan egin ditut lehenengo estropadak, eta errekan ere nabaria da desberdintasuna. Itsasoan are nabariago izango da. Gainera, ez dut taldea oso ondo ezagutzen, eta horrek ere eragiten du.
Aldeko gauzak ere izango ditu.
Bai, esperientzia gehiago dut. Azken batean, ni beti patroi aritu izan naiz, eta gainontzeko patroiek ez dute hainbeste urteren eskarmentua. Gainera, pisu gutxiago dut; 20 kilo gutxiagorekin doa orain tarinerua. Arraulariei animoak ematen ere gogotsu saiatzen naiz.
Eta alde teknikoan desberdintasunik al da zure lana egiterakoan?
Aldaketa handirik ez da, baina indarra behar duzu. Bestalde, KAE2 ligan aritzeak erantzukizun handiagoak eskatzen ditu. Bizkaia taldeko patroi nintzenean lau talde aritzen ginen Euskotren Ligan, eta orain hamalau traineru gara.
Lehenengo emakumezkoa zara maila horretako Liga batean gizonezko traineru bat gidatzen. Historia egin duzu, beraz.
Bai. Azken batean, gizonezkoen KAE2 Ligan patroi lanak egiten dituen lehen emakumea izatea zerbait berezia eta polita da niretzat.
Gorengo Ligetarako erreferente izan zaitezkeela uste duzu?
Ba ez dakit. Behar izanez gero, agian, noizbait izango dira emakumezkoak gizonezkoekin batera, traineru berean. Egia esateko, patroi gutxi dira gaur egun, bai gizonezkoen ligan zein emakumezkoen ligan. Bizkaia trainerua balego agian han egongo nintzateke denboraldi honetan. Lutxanako patroi izatearena kasualitatea izan da.
Baina aurten ez da Bizkaia talderik sortu. Zergatik dira hain gutxi arraunean jarraitzen duten emakumezkoak?
Beharbada, ez delako nesken atentzioa bereganatzen duen kirola. Ni Elantxobekoa naiz, eta hori izan da herrian eskaini izan diguten kirol bakarra.
Hala ere, nesken trainerua mutilena baino lehenago galdu da.
Bai, hala da. Motibazioa ere izan daiteke. Gu 15 neska izatetik oso guitxi izatera pasatu ginen. Gainera, Bizkaiko neska asko Gipuzkoako klubetan daude arraunean. Hemengo klubek ez dute trainerua ateratzeko bitartekorik, ez dago arraunlari nahikorik, eta Bizkaia trainerua da emakumezkoentzako aukera bakarra. Agian, nahiago izango dute klub batean aritzea, herrialdeko traineruaren parte izan baino. Gipuzkoan aukeratzeko dute, eta hori izan daiteke arrazoia.
Nola bultzatu daiteke emakumezkoen arrauna Bizkaian? Administrazioek gehiago inplikatu beharko luketela uste duzu?
Bai, baliteke. Bizkaiko Foru Aldundiak gehiago bultza dezake nesken arrauna, baina arraunlariek ere borondatea erakutsi behar dute traineru bat ateratzeko. Alde batetik zein bestetik behar dira konpromisoak. Gizonezkoak 40 urtera arte aritzen dira ararunean, baina motibazio gehiago dituzte; ekonomikoa, esaterako.
Emakumezkoen lana eta gizonezkoena berdin ordaintzen da?
Bizkaiko emakumezko arraunlariek gizonezkoen sari berberak genituen. Diru saria jasotzen genuen, helmugaratzen ginen postuaren araberakoa. Baina, bestela, arlo ekonomikoa ez dago parekatuta. Emakumezkoek gutxiago kobratzen dugu. Egia da, baita, mutilek lau luze egiten dituztenean guk bi egiten ditugula. Lau luze egitea guretzat oso gogorra da.
Baina nesken talde gehiago egonez gero, konpetentzia handiagoa izanda, arraunean jarraitzeko motibazioa ere ez litzateke handiagoa?
Bai, argi dago. Mutilak diren beste neska eta traineru bagina, motibazioa ere handiagoa litzateke. Baina orain urte batzuk ez nuen espero Euskotren Liga edota Kontxako estropada lehiatzerik. Beraz, zer edo zer aurreratu da nesken arraunean ere.
Eta nola hobetu?
Klubak zaintzea eta arraunlariak zaintzea oso garrantzitsua da. Mutilak legez neskak ere ondo zainduz gero, asko lagunduko luke.
Aurrera begira, zein helburu duzu denboraldi honetarako?
Sailkapen orokorrean gora egitea eta lehen bost traineruen artean amaitzea. Orain hiru urte Lutxanak ez zuen trainerurik, eta azken denboraldietan ez ditu postu onak lortu. Orain, taldea finkatzea da helburua.