62 parte hartzaile hartuko ditu Euskal Artzain Txakurren erakusketak
Busturiko Axpe auzoan batuko dira txakurrak eta jabeak, 10:00etatik aurrera. 12:00etan hasita, bestalde, hainbat produktu aurkitu ahalko dira bihar, Axpeko azoka ekologikoanBusturiko Axpe auzoak Euskal Artzain txakurren 22. erakusketa monografikoa hart...
Busturiko Axpe auzoan batuko dira txakurrak eta jabeak, 10:00etatik aurrera. 12:00etan hasita, bestalde, hainbat produktu aurkitu ahalko dira bihar, Axpeko azoka ekologikoan
Busturiko Axpe auzoak Euskal Artzain txakurren 22. erakusketa monografikoa hartuko du bihar goizean. Busturiko Udalak jakinarazi legez, aurten, Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik etorritako 62 txakurrek hartuko dute parte.Aurreko urteetako egitarauari eutsita, 10:00etan hasiko dira albaitariak lanean. Erregistro berriei hasiera emateko ordua izango da, hau da, urte 1 baino gehiago daukaten eta inoiz parte hartu ez duten txakurrak aztertzen hasiko dira. Berdin da txakurrak Iletsua edo Gorbeia arrazakoak izatea. Proba pasatzen duen txakurraren jabeak benetako artzain txakurra duela ziurtatzen duen agiria jasoko du.
Edertasun lehiaketa
Erregistro berriekin amaitu ostean, txakurrak lanean jarriko dituzte, eta ardiekin gaitasun proba egin beharko dute.
12:00etan, berriz, ikurrina altxatuko dute, eta Irrintzi Alai Dantza Taldekoek dantza erakustaldia eskainiko dute.
Ondoren, 12:15ak aldera, edertasun lehiaketagaz hasiko dira. Urtero egin modura, txakurrik ederrenak izendatuko dituzte. Proba horretan, aurreko urteetan agiria jaso duten euskal artzain txakurrek soilik parte hartu ahalko dute. Edertasun lehiaketan Gorbeia eta Iletsua arrazak bereizten dituzte, eta arraza bakoitzeko arrik eta emerik ederrenak jasoko dituzte sariak. Hala, guztira, lau sari banatuko dituzte. Sari banaketa ekitaldia 13:30ean izango dela azaldu dute antolatzaileek.
30 salmahai azokan
Bestalde, bihar, Busturiko Axpe auzora hurbiltzen diren guztiek Urdaibaiko XV. Azoka ekologikoa bisitatzeko aukera ere izango dute. 12:00etatik 16:00etara, hainbat izango dira azokan aurkitu ahalko diren produktuak: ortuariak, txakolina, gazta, ogia, sendabelarrak, kosmetika naturala… euskal oiloen erakusketa ere jarriko dute. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, guztira, 30 salmahai egongo dira azokan.
Bertaratutakoek, gainera, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera izango dute. Azoka girotzeko, trikitilariak ibiliko dira auzotik kalejiran, eta bertsolarien saioa ere egongo da.
Era berean, 12:00etatik 13:00etara bitartean, Erramun Martikorenak kantaldia eskainiko du. Jakinarazi dutenez, Axpe auzoan dauden tabernetatik ibiliko da kantuan Nafarroa Behereko abeslaria.