Bermeoko taldea iaz, garaipena ospatzen.
Atzo arratsaldean Lekeition lehiatu zuten Bizkaiko hamabi arraun taldek, eta iaz moduan, bermeotarrek egin zuten denborarik onena: 20 minutu, 6 segundo eta 25 ehunen.
Kaiku izan zen bigarrena; Urdaibaigarengandik 7 segundu eta 85 ehunenera amaitu zuten estropada. Zierbena hirugarrenak, berriz, irabazleak baino 35 segundo eta 35 ehunen gehiago behar izan zituen lehia amaitzeko. Hain zuzen ere, lehenengo hirurek eta Portugaletek osatu zuten hirugarren txanda. Portugaletek bosgarren egin zuen estropadako sailkapenean, 20 minutu, 57 segundo eta 69 ehuneneko denboragaz.
Bestalde, Isuntza izan zen laugarrena atzo. Etxeko taldea bigarren txandan atera zen Ondarroa, Deusto eta Itsasoko Amagaz batera. 20 minutu, 49 segundo eta 81 ehuneneko denboragaz txandako azkarrena izan zen.
Lehenengo txanda, ostera, Mundakak, Arkotek, Getxok eta Lutxanak osatu zuten. Lauretan azkarrena Arkote izan zen, 21 minutu, 57 segundo eta 30 ehuneneko denboragaz. Lutxana izan zen txandako bigarrena, eta Mundaka hirugarrena. Mundakarrek (estropadako sailkapenean hamaikagarrenak) 22 minutu, 15 segundo eta 4 ehuneneko denboran amaitu zuten lehia, irabazlearengandik 2 minutu, 8 segundo eta 79 ehunenera.
Asteburuan bakoitza berean
Asteburuan norbere ligaren lehiagaz segituko dute Bizkaiko arraun taldeek. Urdaibairi dagokionez, zapatu arratsaldean Orion dauka hitzordua, 17:30etatik aurrera. Biharamun eguerdian, berriz, Portugaleten dute TKE ligako zazpigarren jardunaldiko estropada.
KAE 1ean, berriz, zapatu arratsaldean Kantabrian (Espainia) lehiatuko dute Marina de Cudeyo bandera, 18:00etan hasita. Lehenengo txandan, Elantxobe, Orio, Santurtzi eta Pedreña irtengo dira. Bigarrena, Lekittarrak, Zarautzek, Donostiarrak eta Santoñak osatuko dute. Eta, sailkapeneko lehenengo laurak aterako dira azken txandan: Getaria, Ondarroa, Zumaia eta Deusto.
Domekan arratsaldean, ostera, Orion elkartuko dira KAE 1eko arraun taldeak. 18:30etatik aurrera lehiatuko dute, Bixigu Eguna ikurriña. Bi txanda egongo direnez, txanda bakoitza sei ontzik osatuko dute.
Bestalde, KAE 2ko klubei dagokienez, zapatuan, 16:30ean hasita, Plentziako uretan lehiatuko dute denboraldiko laugarren estropada. Lehenengo txandan sei arraun talde egongo dira: Bermeo, Iberia, Colindres, Donostiarra, Zumaia eta Oiartzungo Itsaslapurra. Bigarren txanda, Mundakak, Arkotek, Getxok eta Lutxanak osatuko dute, eta hirugarren txandatik irtengo dira Hibaika, Hondarribia, Sanpedrotarra eta Castro.
Domeka eguerdian, Pasaiko badian Errenteria Hiria ikurriña izango dute jokoan. 12:30ean hasiko da estropada, eta zazpi arraun taldez osaturiko bi txandetan banatuta irtengo dira.