Herrijeri Emon Arnasa kultur taldeko kideak dira Emi Larrinaga (Ea, 1950) eta Asun Landa (Ea, 1954). «Poesiak busti-busti egiten gaitu, ez itsasoak bakarrik», adierazi dute. Poesiaz busti nahi dutenei asteburuan Eara joateko gonbidapena luzatu diete.
Poesia ezin da kabitu lelopean bilduko zarete asteburuan. Zer iradoki nahi izan duzue?
Asun Landa: Poesia ezin da kabitu, hau da, Eara erakarri egin nahi dugula poesia, baina ezin dela hemen bertan ere kabitu, ederregia delako, delako zerbait ezin dena lotu, ezin dena definitu, ezin dena menpe egon, ezin da leku batean sartu… Airean dago; isuri egiten den zerbait da, momentu magikoa izan daiteke. Poesia da musikarekin, da hutsa, edo poesia da sentimenduak edota pentsamenduak adierazteko modu eder bat, denok erabiltzen duguna bizitzan, eta gainera momentu gogorrenetan edo momentu ederrenetan.
Joxe Azurmendiren 60. hamarkadako poesia errepasatuz hasiko dituzue topaketak.
Emi Larrinaga: Bai, hiru egunetan hasten gara hitzaldiekin. Lehenengo hori Alaitz Aizpuruk emango du. Gure ekitaldietan beti egoten da poesiaren errebizioren bat, teorizazioa. Eta ostean, Josu Landak Migel Hernandezen itzulitako poema batzuk kantatuko ditu a capela. Aurten, nolabait esateko, Migel Hernandez da gure gonbidatu berezia.
Eta lehenengo eguna biribiltzeko Karratura kontzertua eskainiko du Hogeitabimetrokoadrok.
E.L. Bai, aurten ateratako disko berriko abestiak eta haien ibilbideko beste batzuk ere eskainiko dituzte.
Musika eta hitzaldiak bakarrik ez, poesia eta bertsolaritza ere uztartuko dituzue, esate baterako, etzi.
A.L. Bai, goizean, Maialen Lujanbiok espresuki Earako egindako Poesia (zubi bat) bertsolaritza hitzaldia emango du Eskolondon. Guk eskatuta prestatu du; askotan eskatzen diegu sortzaileei, eta haiek egiten dute.
E.L. Bestalde, leku berean Kafkaren aulkia ikuskizuna izango da, arratsaldean. Itxaro Bordak aurten publikatu duen poesia liburuko poema batzuk errezitatuko ditu. Horiek interpretatuko dituzte Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramirezen musikagaz lagunduta.
Bestalde, Jose Luis Otamendi ere Ean egongo da etzi, bere azken obragaz.
A.L. Otamendi urte askotan egon da gure artean. Asko estimatzen dugu, ibilbide luzeko poeta delako. Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean) publikatu du; oso poemario ederra da, ezinbestekoa. Eta errezitaldi berezia izango da.
E.L. Aurten poesia argitaratu duten poeten plaza txiki bat, erakuslehio txiki bat izan nahi du Eak. Gainera kokapen berri bat prestatu dugu ekitaldi honetarako: Portusolo. Leku berezia da, etxe tartean dagoen solo bat da. Berak poesia soziala egiteko duen moduagaz lotuta dago. Gure etxeak edota gure herriaren arkitektura nolabait erakusten du. Eta aurten, estreinako egingo dugu ekitaldi bat hor.
A.L. Haren poema zati bat duen pankarta batekin hornituko dugu. Merezi duen lekua eta garrantzia eman nahi diogu, gure poeta handienetarikoa delako eta horrela kontsideratzen dugu.
Bedaronan bazkaldu ostean, ITU bandaren performancea izango da ikusgai. Zer prestatu dute?
A.L. Hasiberria den gazte talde bat da. Zazpi gazte dira, ITU izeneko aldizkari bat egin dute, eta hiruzpalau ale atera dituzte dagoeneko. Moduari dagokionez, euren belaunaldiari halako hausnarketa bat egiten diote; probokatu nahi dute. Ez dakigu zer egingo duten, zerbait hibridoa, berezia izango da. Ean hasiko dira; lehenengo aldiz egingo dute publiko aurrean, eta kuriositate handiagaz gaude. Beti ematen diegu sortzaileei aukera bat esperimentaziorako. Gure ezaugarrietako bat da hori.
Antzerkientzat ere beti egiten duzue tartea, ezta?
A.L. Metrokoadroka sormen laborategiak antzerki esperimentala, hibridoa egiten du, eta Su izan nahi. Hildakoak, senideak eta maskotak obragaz datoz. Umorea, poesia, umore beltza, ironikoa… lantzen dute. Antzezpen ederra eta poetikoa izango da, eta esperimentala.
Egun indartsuenean, Anarik kontzertua emango du gauean. Zer eskainiko du?
E.L. Bere bosgarren diskoa aurkeztera etorriko da. Aurrekoetan ez bezala, bere bandagaz egongo da oraingoan. Normalean berak sentimenduak eta penak, minak, bihotzaren minak edo tratatu izan ditu, eta orain bere errepertorioan gai sozialak sartzeko apustua egin du. Gainera, berak idatzitakoak dira abesti batzuk. Gau ederra izango da, frontoi atzean egingo genuke eguraldi ona eginez gero, eta eguraldi txarra egingo balu, Eskolapean.
Bestalde, Arestik ere beti du bere txokoa Poesia Egunetan.
E.L. Beti egiten diogu keinuren bat Arestiri, eta beti egiten dugu bere lanaren berrikuste bat. Miren Agur Meabek emango du hitzaldia, Arestik beragan utzitako arrastoei buruz.
A.L. Bere bizitzan Aresti nola aurkitu duen kontatuko du: Nola deskubritu duen txikitatik, nola ikasi duen berarengandik, nola bat egin duten…
Azken egunerako bi errezitaldi prestatu dituzue. Zelako poesia errezitatuko dute?
E.L. Goizean, moilan, Antonio Casado da Rocha, Tere Irastorza, Mikel Antza eta Joan Mari Irigoienen poemekin gozatzeko aukera edukiko dugu. Casadok eta Irastortzak beraienak errezitatuko dituzte. Antzarenak Oier Guillanek irakurriko ditu, eta Ainhoa Alberdik, Irigoienenak.
A.L. Irigoien ere gonbidatu dugu, eta ilusio handiz espero dugu. Errezitaldia amaitu eta jarraian Tenporaren kontzertua egongo da. Ibilbide luzeko bost musikarik lehenengo diskoa aurkeztu dute: Mundu berria. Bostak elkartu, eta Karlos Linazisoro eta Arkaitz Kanoren poemak musikatu dituzte.
Emakume baten hitzaldiagaz hasi, eta hiru emakumeren errezitaldiagaz amaituko dira aurten Posia Egunak.
E.L. Bai, horrela da. Sortzaile ezagunak dira hirurak: Kattalin Miner, Jule Goikoetxea eta Danele Sarriugarte. Gainera, ekitaldi horren ideia iazko Poesia Egunetan sortu zitzaien.
A.L. Erractus-en hazia hemen jarri zela aitortu digute. Bi obra oso ezagunen egileak dira eurak. Erraiak nobela idatzi zuen Sarriugartek, eta Goikoetxeak Tractatus poema liburua idatzi zuen. Oso modu diferentean egindako elkarrizketa izango da. Gaueko giroa, gazteen arteko harremanak, eta oso poesia filosofikoa, sakona uztartuko dituzte. Beste gauza askoren artean, feminismoaren gunea izatea guretzat ohore handia da, eta oso pozik gaude.