Umearen ama eta familia, herritar talde batek babestuta, atzo
“Nire arreba eraman du bere aitak, eta ez dakigu noiz ikusiko dugun berriro. Urteak izan daitezke”. Anbulantzian atera zuten 6 urteko umea Gernika-Lumoko Ertzaintzaren komisaldegitik. Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta, medikuek artatu ostean, etxera bidali zuten, aitarekin. Epaile batek amari zaintza kendu eta aitari eman dio. Azken erabakiaren arabera, bisitak egiteko eskubiderik ere ez du umearen amak, eta atzo bertan izan zuten horren berri, “beste aldeak -aitak- autoa publiko egin zuten egunetik dakien arren”, azaldu du umearen neba den Dabid Perezek. Umearen zaintza eskatu zuen aitak 2014ko apirilean, eta 2015eko maiatzaren 20an epaileak emandako sententziak udako oporrak hasteagaz batera, aitari aitortzen dio umearen zaintza, amaren aldeko bisitak zehaztuta. “Udan hamabostero izan behar genuen Sara gurekin, eta atzo amaitzen zen gure hamabostaldia” – dio nebak–. “Hala ere, gerora, beste auto bat kaleratu du epaileak zeinaren arabera bisita guztiak eta umearekin ezelango harremanik izateko eskubidea kendu digun. Horren berri atzo bertan izan genuen”.
Amak ume eta aitaren arteko harremana oztopatzen duela argudiatu du epaileak zaintza kentzeko, eta aitarekiko eragin negatiboa sustatzearena. Epailearen sententziaren arabera, “amaren jarrerak oztopatu egiten du aita-alabaren arteko bisitak egoera natural batean ematea, eta jarrera hori umearen kalterako dela”. Era berean, guraso batek bestea distortsionatzeko saiakera dela uste du epaileak maiatzean emandako sententzian, adituen berrespenik ez duela aitortzen duen arren. Aitaren abokatu Laura Anidok ETBn egindako adierazpenen arabera, amak herritarren laguntza eskatu du umea aitarekin joatea oztopatzeko, eta ez duela umearen ongizatea kontuan hartzen. “Umea arriskuan dago amarekin”, esan du Anidok telebistan.
Atzo, baina, kontrakoa adierazi zuen umearen ama Carmen Garciak. “Ertzainak etorri zaizkit esanez umea eramateko agindua dutela, eta aurka egiten badiet atxilotuta eramango nautela. Nik eskaera bat egin diet; alegia aita izan dadila umearen bila datorrena eta berak eraman dezala, ez ezezagun batzuek. Umearen onerako. Horretarako, hemen bildutako jende guztiak albo batera egi dezala eskatzen dut”.
Epailearen erabakia ulertezina zaiela esan zuen. “Dokumentazioa aurkeztu dugu, txosten psikologikoak, talde psikosozialak egindakoak, baita familia aholkularitzarenak ere… Eta horiek denek diote epailearen erabakia ez dela onena umearentzat”. Hala ere, umea aitaren esku utzi behar zuen atzo, berriro noiz ikusiko duen jakin gabe.
Umearen nebak eta amak berak adierazi legez, aitarekin bisitak ez dituzte inoiz oztopatu. “Kontrakoa, ama izan da umea aitarekin bisitak egitera animatu izan duena, umeak berak nahi ez zuenean ere”. Eta, horren frogak izan badituztela dio Perezek, eta epaitegian aurkeztu dituztela. Alexandra Moreno psikologoak umea aztertu du, eta txosten bat idatzi du, epailearen aurrean aurkezteko. Amak eskatuta aztertu du umea, “inork ez duelako kontuan izan epailearen erabaakiak umearengan izan duen eragina”. Autoen espedientea, Bilboko barruti judizialeko talde psikosozialeean umearen eta aitaren arteko bisitak zaindu dituen psikologo forensearen txostenak, amarekin, umearekin, ikastolako arduradunekin eta familia aholkularitzako kideekin elkarrizketak ere jaso ditu psikologoak, informea garatzeko. Morenoren esanetan, une honetan umearentzat ez da egokiena amagandik eta amaren familiarengandik urruntzea. “Aita egiten du egoera honen errudun, bere mundua hankaz gora jarri duela ulertzen duelako”. Sei urteko umeak antsietate krisi bat duela aitortu du, eta Galdakaoko mediku psikologoek transilium hartzeko agindu diotela aitortu du amak. Umeak aitaari beldur dio, psikologoaren iritziz: “Ikusi duen momentu oro zaratka hasi da, min amten diola oihu egiten zion umak aitari”.
Komisaldegian egin behar zuten aldaketa, eta ertzain etxean ere presente egon zen Moreno: “Umea gaizki zegoen, eta aita bera indarrez eramaten saiatu zen. Ondorioz, zauri bat egin zion besapean”. Hori dela eta, anbulantzia eskatu zuten, eta aitaren kontrako salaketa ipini zuten, tratu txarrengatik. Carmen Garciak dioenez, ez da tratu txarrengatik jarri duten lehen aldia. 2013ko urriaren 10ean Gernikako ospitalera eraman zuten umea, tratu txarren zantzuekin, eta handik Gurutzetara bidali zuten. “Protokoloa aktibatu zuten” –dio amak–, “baina artxibatu egin zuten, epaile baten arabera, tratu txarren zantzuak ez nahikoak zirelako. Ez zioten inolako baliorik eman umearen testigantzari, ezta Gurutzetako pediatraren txostenari ere”.
Orain, familia horren salaketa Madrila helarazi gura dute. Clara Campoamor elkarteak txosten, ebazpen, eta eskura duten dokumentazioa eskatu dio umearen amaren familiari. Dabid Perezek azaldu legez, “elkarte horrek gure kasua aurkeztuko du Madrilgo epaitegian. Hemendik hamabostera umeen kontrako tratu txarrak ere genero biolentzia legez hartuko duen lege bat onartu behar dute, eta lege horren babespean, gure kasua azter dezatela eskatuko du Clara Campoamorrek. Elkarteak dioenez, 2015ean amari haurraren zaintza kendu dion sei kasu eman dira dagoeneko”.