12:00etan hasita, bestalde, hainbat produktu aurkitu ahalko dira zapatuan, Axpeko azoka ekologikoan
Iazko Euskal Artzain txakur irabazleak
Busturiko Axpe auzoak Euskal Artzain txakurren 22. erakusketa monografikoa hartuko du zapatuan. Busturiko Udaletik jakinarazi legez, aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde desberdinetatik etorritako 62 txakurrek hartuko dute parte.
Aurreko urteetako egitarauari eutsita, 10:00etan hasiko dira albaitariak lanean. Erregistro berriei hasiera emateko ordua izango da, hau da, urte bat baino gehiago duten eta inoiz parte hartu ez duten txakurrak aztertzen hasiko dira. Berdin da txakurrak Iletsua edo Gorbeia arrazakoak izatea. Proba pasatzen duten txakurrek, benetako artzain txakurra dela ziurtatzen duen agiria jasoko du jabeak.
Erregistro berriekin amaitu ostean, txakurrak lanean jarriko dituzte, ardiekin gaitasun proba egin beharko dute.
12:00etan, berriz, ikurrina altxatuko dute eta Irrintzi Alai Dantza Taldekoek dantza erakustaldia eskainiko dute.
Ondoren, 12:15ak aldera, edertasun lehiaketagaz hasiko dira. Urtero egin modura, txakurrik ederrenak izendatuko dituzte. Proba horretan, aurreko urteetan agiria jaso duten euskal artzain txakurrek soilik parte hartu ahalko dute. Edertasun lehiaketan Gorbeia eta Iletsua arrazak bereizten dituzte, eta arraza bakoitzeko ar eta eme ederrenak jasoko dituzte sariak. Hala, guztira, lau sari banatuko dituzte. Sari banaketa ekitaldia 13:30etan izango dela azaldu dute antolatzaileek.
30 salmahai azokan
Azoka ekologikoa, Busturian
Bestalde, zapatuan, Busturiko Axpe auzora hurbiltzen diren guztiek Urdaibaiko XV. azoka ekologikoa bisitatzeko aukera ere izango dute. 12:00etatik 16:00etara, hainbat izango dira azokan aurkitu ahalko diren produktuak: ortuariak, txakolina, gazta, ogia, sendabelarrak, kosmetika naturala… euskal oiloen erakusketa ere jarriko dute. Udaletik azaldu dutenez, guztira, 30 salmahai egongo dira azokan.
Bertaratutakoek, gainera, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera izango dute. Azoka girotzeko, trikitilariak ibiliko dira auzotik kalejiran, eta bertsolarien saioa ere egongo da.
Era berean, 12:00etatik 13:00etara, Erramun Martikorenak kantaldia eskainiko du. Jakinarazi dutenez, Axpe auzoan dauden tabernatik ibiliko da kantuan Martikorena.