Gorefest jaialdiko aurkezpen bideorako egindako grabazio lanetako une bat. Argazkilaria: Oier Zalbidea
Hamabosgarrenera iritsi da Spookypheria Productions elkartearen Gorefest jaialdia. Beste behin ere, terrorearekin, gorearekin, suspensearekin eta umore onarekin gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak barikuan. Aurtengo gaia postapokalipsia izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Mundu mailako film laburrak eta zinema alternatiboa bilduko ditu Gorefest jaialdiak barikuan Nestor Basterretxea aretoan, 20:30eatik aurrera. Lehenik eta behin, film laburren txanda izango da. Munduko leku desberdinetatik iritsitako bederatzi film labur ikusi ahalko dituzte bertaratutakoek.
Ondoren, Choose Your Own Adventure luzemetraien maratoiari ekingo diote, goizaldeko orduetara arte.
Aktoreak kaletik
Spookypheria Productions elkarteak azaldu modura, aurten ere animazio aktoreek parte hartuko dute. Hala, 19:00etatik aurrera, Bermeoko kaleetatik ibiliko dira «giro postapokaliptikoa» sortuz.
Era berean, aurten, lehenengoz, umeak makillatzeko mahai bat jarriko dute Nestor Basterretxea aretoaren kanpoaldean. Argi utzi gura dute, baina, makillajeak aurtengo gaiaren ingurukoak izango direla. Iñigo Acha Spookypheria Productions elkarteko kide eta jaialdiko antolatzailearen esanetan, «gauza berriak frogatzea atsegin dugu, eta umeek eta gazteek kalera ateratzen ditugun aktoreekiko agertzen duten lilura kontuan izanik, umeak Lameran sortuko den tribu horren parte izatea gura dugu».
Jaialdia hamabosgarren aldira iritsi da, eta atzo balitz modura gogoratzen du Achak 2001. urteko martxoaren 16a: «arin joan da denbora, hala ere, ez daukat gelditzeko gogorik, lanean jarraitu gura dut jaialdia are gehiago hobetzeko asmoz».
Aurtengo Gorefest jaialdiko giroa «oso landuta» badago ere, «ez da 15. urteurrena delako», dio Achak. Haren arabera, «indartsuena» 20. urteurrenerako gordeko dute.
Orain dela urte batzuk, «nekeak jota» Gorefest jaialdia gehiago ez antolatzekotan izan ziren. Hala ere, sortze prozesua bera zelan hartu behar zuen berraztertzeko tartea hartuta, jarraitzeko erabakia hartu zuela dio Achak: «Egia da ere, krisialdi une hori aprobetxatu genuela ikuskizunean bertan sartu, eta jarraitzaileen artean jakin-mina sorrarazteko».
Acharen arabera, Gorefest jaialdiak uste baino lan gehiago ematen du: «Askotan, bakarrik aurkitzen naiz arriskuaren aurrean, baina ezin daiteke beste modu batera izan. Izan ere, taldean nik bakarrik kontrolatzen ditut zenbait gauza; grabazio lanak edota edizioa, esaterako».
Aldaketa ugari
Urte hauetan guztietan izan diren aldaketak «ugariak» izan direla azaltzen du Achak, eta gehiago egongo direla aipatzen du, batez ere, goi bereizmenari dagokionez. Izan ere, Nestor Basterretxea aretoan lanean ari dira, eta datorren urtera begira, zineman jartzen ari diren proiekzio sistema berria erabili ahalko dute Gorefest jaialdirako ere.
Bestalde, talde modura, «onera» egin dutela uste du Achak: «Gauzak egiten ikasi dugu. Ez dakit esaten hobeto egiten dugun, baina modu eraginkorrago batean egiten ikasi dugula bai esan ahal dut. Gainera, daukagun baliabide urriekin gauza ikusgarriagoak egiten ere ikasi dugu. Kanpotik ikusita, eman dezake antolaketa kaos bat dela, baina gauzak jendeak uste duena baino neurtuago daude eta ondo pentsatuta».
Jaialdiaren egun berean «beti» ustekabeak izaten direla dio, baina urte hauetan guztietan, horiei aurre egiten ere ikasi egin dutela aipatu du.
Sarrera 3 euro
Zinemaren alde ilunena gustoko duten horiek, beraz, hitzordu garrantzitsua dute barikuan. Jaialdirako sarrera 3 euro ordaindu beharko da, eta antolatzaileen arabera, hamasei urtetik gorakoek soilik sartu ahalko dute aretora.
Gorefest jaialdian, gainera, Spookypheriak antolatzen duen Halloween Metal Fest jaialdiaren aurkezpen bideoa jarriko dute. Hala, jarraitzaile guztiek horretan parte hartuko duten taldeen berri izango dute.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.